Bandera berria estreinatu eta liburua aurkeztu ditu musika bandak

elgoibarren.net 2010ko uzt. 5a, 14:56

 
Sortu zeneko 125. urteurrena ospatu du joan den asteburuan Elgoibarko Udal Musika Bandak hainbat ekitaldirekin, besteak beste, Musika bandaren historia jasotzen duen liburua jendaurrean aurkeztu dute eta baita bandera berria ere.



 Herriko alkatea, Udal musika Bandako zuzendaria eta Danobat Group enpresako presidenteak lagunduta aurkeztu zuen, joan den zapatuan, Pello Arrietak Udal Musika Bandaren historiari buruz idatzi duen liburua. Udaleko pleno aretoan jendetza batu zen historialari elgoibartarrak idatzi duen liburuaren inguruko xehetasunak bertatik bertara ezagutzeko.
  Alfredo Etxeberria alkateak 125 urte luze iraun ahal izateko musika bandak izan duen meritua nabarmendu zuen. "Konpromisoa, lana eta herria maitatu gabe ezin da horrelakorik lortu", adierazi zuen. Udalaz gain, Danobat enpresak ere babestu du Elgoibarko Udal Musika Bandaren 125 urteko historia jaso duen liburua eta Jesus Mari Astigarragak, Danobat Groupeko presidenteak, Bandaren historiaz gain "herriaren historia ezagutzeko" tresna aparta dela liburua esan zuen.
  Musika bandako zuzendariak, Jose Antonio Osorok, egindako lana eskertu eta bandaren urrezko intsignia jarri zion Pello Arrietari. Liburua argitaratu ahal izateko laguntza eskaini duten guztiak bihotzez eskertu zituen Osorok Bandaren izenean, eta Joan Mari Andonegi zenarentzat aipamen berezia eduki zuen, "musika bandarekin lotutako makina bat istorio bildu eta gorde zituen Andonegik. Benetan maite zuen Banda", esan zuen Osorok hunkituta. Arrietak liburuan jaso ditu istorio horietako asko. Andonegiri esker San Bartolome jaietan Bandak ematen zituen kontzertuetako egitarau guztiak ere argitaratu ditu, guztiak jaso zituen-eta hark, 1943tik hil zen arte.

Bandera berriaren bedeinkapena

Alkateak bandako zuzendariari eman zion bandera berria.

 Bandera berria bedeinkatu zuen Udal Musika bandak zapatu arratsaldean San Bartolome parrokian ospatu zen mezan. Pieza batzuk ere jo zituen bandak mezatan eta parrokiko abesbatzak eta Udal Txistulari Taldeko kideek ere parte hartu zuten ekitaldian.
  Meza ondoren, bandako kideei eskainitako aurreskua dantzatu zuten Haritz Euskal Dantzari taldeko kideek Plaza Handian, eta aurreskuaren amaieran Udaleko Udalbatzak harrera ofiziala egin zien musika bandako kideei Udaleko Pleno aretoan. Bertan, alkateak bandera berria eman zion Udal Musika Bandako zuzendariari. Gainera, musika bandako lagunek oroigarriak eman zizkieten 125. urteurreneko ekitaldiak aurrera eraman ahal izateko babesa eskaini dieten erakundeei (Udala, Kutxa, Danobat, Eusko Jaurlaritza, etab.) eta herriko taldeei (Haritz euskal dantzari taldea, Emudafe, txistularien taldea, etab.).
  125. urteurreneko ospakizunek domekan eduki zuten jarraipena, musika bandak ohiko kontzertua eskaini baitzuen Herriko Antzokian.
 

1706639579355 Bandera berria estreinatu eta liburua aurkeztu ditu musika bandak

 

1706639579397 Bandera berria estreinatu eta liburua aurkeztu ditu musika bandak

1706639579436 Bandera berria estreinatu eta liburua aurkeztu ditu musika bandak

1706639579506 Bandera berria estreinatu eta liburua aurkeztu ditu musika bandak

1706639579569 Bandera berria estreinatu eta liburua aurkeztu ditu musika bandak

1706639579631 Bandera berria estreinatu eta liburua aurkeztu ditu musika bandak