Realak Elgoibarren jokatuko du denboraldi aurreko estreinako partida

elgoibarren.net 2010ko uzt. 6a, 14:50

 
Lehen Mailara itzultzeko prestaketetan Mintxetako futbol zelaian egingo du lehen geldialdia Realak. Haundiren aurka jokatuko du talde txuri-urdinak denboraldi aurreko estreinako partidua, uztailaren 30ean (barixakua), Mintxetako futbol zelaian.
Bestalde, Markel Bergarak Gaztelekuak antolatzen dituen gazte tertulietan parte hartuko du uztailaren 14an.

 

1706639572659 Realak Elgoibarren jokatuko du denboraldi aurreko estreinako partida

 Uztailaren 19an hasiko dituzte Realeko jokalariek denboraldi berriko entrenamenduak, eta denboraldi aurreko zortzi partida jokatuko dituzte Liga hasi aurretik. Lehenengo partida, esan moduan, Elgoibarren jokatuko dute Haundiren aurka, uztailaren 30ean (19:00etan), eta ondoren, abuztuko lehen astean atzerrira joango dira. (ikus hemen: Realaren denboraldi aurreko partida guztien zerrenda)
Markel Bergara Gaztelekuko gazte tertulietan
Markel Bergara Realeko jokalariak Gaztelekuek antolatzen dituen gazte tertulietako batean parte hartuko du uztailaren 14an (eguaztena), 19:00etan. Bertaratzen diren gazteek jokalari elgoibartarrari galderak egiteko aukera izango dute.
 
CD Elgoibarren defizita
  Realak Elgoibarrera egingo duen bisita Klub Deportibo Elgoibarko diru kaxa loditzeko lagungarria izan daiteke, sarrera baino gastu gehiago izan baititu aurten klubak; Haundiren denboraldi apartaren ondorioz sortutako gastuak direla-eta, batez ere. Duela gutxi egin duten bazkideen batzar orokorrean, Klubak 16.801 euroko defizita izan duela aurten eman zuten jakitera taldeko arduradunek. Bertan azaldu zutenez, gastuak 208.478 eurokoak izan dira eta sarrerak, berriz, 191.677 eurokoak. Klubaren ondarea, hala ere, 303.777 eurokoa da gaur egun, Zubiaurreren fitxaketagatik Realak zor dizkion 256.000 euroak barne hartuta.
 
Lotura duten albisteak: