Maite Maiorak hirugarren egin du Azpeitiko kilometro bertikalean

elgoibarren.net 2010ko uzt. 7a, 09:52

 
Euskal Herriko kilometro bertikalen kopako hirugarren proba jokatu zen domekan, Azpeitiko II. Zuzenien Mendi Lasterketa Bertikala. Elgoibartik eta Mendarotik sei lagunek parte hartu zuten Zuzenien proban, eta garaikur batekin bueltatu ziren etxera: Maite Maiora mendaroarrak lortutakoarekin. Maiorak hirugarren egin zuen emakumezkoetan, 38:58ko denbora eginda.

 
 

Probaren amaieran Xoxoten (Javier Fernandez falta da)

 Gainerako ordezkariak ere fin aritu ziren, hala ere. Gizonezkoetan, Haritz Arrieta izan zen elgoibartarren artean bizkorrena. 11. postuan sailkatu zen Arrieta (32:36), eta Iñigo Lariz izan zen haren hurrengo azkarrena. 13. egin zuen Larizek, 33:14ko denborarekin. Kilometro bertikalen kopan lehenengo hamarren artean daude biak: seigarrena da Iñigo Lariz, eta zortzigarrena, Haritz Arrieta.
Elgoibartik joandako beste hiru ordezkariek ere maila txukuna erakutsi zuten. 86. sailkatu zen Asier Arrieta (41:12) eta 95. postuan helmugaratu zen Arkaitz Irureta (43:21). Javier Fernandez de la Lamak 102. egin zuen, 45:03ko denborarekin.
 Azpeititik bertatik abiatzen dira korrikalariak, eta Xoxoteko aterpetxe parean amaitzen dute. 3,2 kilometroko ibilbidea da, eta 804 metroko desnibela gainditu behar izaten dute antxitxikariek.
Aitor Osa eta Nerea Amilibia nagusi
  Aitor Osa itziartarrak irabazi zuen proba 26:58 denbora eginda. Emakumezkoen artean Nerea Amilibia aiarra izan zen mendi proban onena, 35:26 denbora eginda. Bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan, marka berriak jarri zituzten. 122 kirolarik bukatu zuten proba. Sailkapenak honako bi webgunetan ikus daitezke: www.lagunonakmb.org edota www.urola-kostakohitza.info.
Lotura duten albisteak: