Ekainaren 19an kendu zuen Osakidetzak gauerditik aurrerako larrialdi zerbitzua, eta ordutik, 8:00etatik 00:00etara gertatzen diren larrialdiak soilik hartzen dituzte Elgoibarko Osasun zentroan. Ondorioz, gauez larrialdiren bat izanez gero, Eibarko anbulatoriora edo Mendaroko Ospitalera joan behar dute elgoibartarrek.
•2.023 sinadura
Gauerdiko larrialdi zerbitzua berriz martxan jartzearen alde sinadurak biltzen jardun zuen Elgoibarko Eusko Alkartasunak, eta, guztira 2.023 herritarren sinadura bildu zituen. Honez gain, anbulatorioan gauetako larrialdi zerbitzua berrezartzearen aldeko mozioa aurkeztu zuen azkenengo osoko bilkuran, eta alderdi politiko guztien babesa jaso zuen mozioak. “Osakidetzak ez ditu hartutako erabakiaren ondorioak behar bezala neurtu”, adierazi zuen Francisco J. Nuñez, PPko zinegotzioak. Ildo beretik, “Krisi ekonomikoaren ondorioz” hartutako erabakia izan dela nabarmendu zuen PSE-EE alderdiko bozeramaileak. Azkenik, EAJ alderdiak ere aldeko botoa eman zion mozioari. Larrialdi zerbitzua murriztearen aurka zeudela adierazi zuten eta halaxe jakinarazi ei zion Elgoibarko alkateak Osakidetzako arduradunei maiatzean. Erantzuna, baina, bistakoa denez, ezezkoa izan zen. Elgoibarko ezker abertzalea ere osasun zerbitzuen murrizketaren aurka agertu da.
- Informazio gehiago: BARREN astekaria 743 zenbakia (PDF)