Patronatuko arduradunen ustez, herritarrentzako eskaintza “nahiko erakargarria” dela aditzera eman nahi dute datuok. Hilero 1.000 herritarrek parte hartzen dute Kirol Patronatuaren eskaintza osatzen duten 17 ikastaroetan.
Eskola Kirolaren antolaketan ere parte hartzen du Kirol Patronatuak, herriko hiru ikastetxeekin elkarlanean. Guztira, 230 haurrek parte hartzen dute Eskola Kirola programako lehiaketa eta jardueretan. Eta, federatuen arteko kirolean ere eragin handia dauka Kirol Patronatuak. Herrian dauden hamazortzi kluben artean 130.000 euroko diru-laguntzak banatzen ditu-eta. Laguntza ekonomikoaz gain, Olaizaga, Mintxeta eta Ikastolako kirol instalazioak doan erabiltzeko aukera eskaintzen die.
Kirol Udalekuen arrakasta
“Egun hauetan nabaria da kirolak herrian duen eragina. Udal Kirol Patronatuak antolatzen dituen Kirol Udalekuetan 201 ume ari dira parte hartzen eta deigarria da Mintxeta, Olaizaga eta Ikastolaren inguruan horrenbeste haur kirol udalekuetako kamiseta urdin, berde eta arroxekin, euren patin, raketa edo bizikletekin ikustea”, adierazi du Kirol Patronatuko zuzendariak, Ramon Mugicak. Hirugarren aldia da Kirol Udalekuak antolatzen dituztela, eta sei eta hamabi urte arteko haurren artean oso harrera ona izan dute. “Egunero, hiru orduz, hainbat kirol egiten dituzte, aire librean gehienetan, eta guzti hori oso osasungarria izateaz gain, beste helburu batzuk ere betetzen ditu: sozializazioa, partaidetza, laguntasuna, e.a.”
Mintxetako igerilekuek azken urteetan herritarren aisialdi ohituretan errotu izana ere goraipatu du Patronatuko zuzendariak. “Garrantzitsu bihurtu dira elgoibartarren aisialdian eta eguraldiak laguntzen duenean jendez gainezka egoten dira. Mintxetako igerilekuetara joateko ohitura errotuta dago oso. Joan zen udan 55.000 erabiltzaile izan zituzten igerilekuek, eta aurten, eguraldi ona egin duen egunetan 2.000 erabiltzaile ere izan dira egun bakarrean”.