Indiako eta Dagestaneko musika eta dantzak nazioarteko folklore jaialdian

elgoibarren.net 2010ko uzt. 13a, 14:42

 
Haritz Euskal Dantzari Taldeak antolatuta Elgoibarko XXIV. Nazioarteko Folklore Jaialdia egingo dute, uztailaren 23an. Dantzari elgoibartarrek Indiatik eta Dagestanetik etorritako Panghat eta Lezginka taldeekin partekatuko dute Olaizaga kiroldegian jarriko duten eszenatokia. (bideoak dauzka)





1706639566406 Indiako eta Dagestaneko musika eta dantzak nazioarteko folklore jaialdian

Panghat (India)
  Dantza talde honen helburu nagusia Indiako kultura sustatzea da. Horrez gain, 1995etik gaur egun arte egiten diharduten lanaz jabetu nahi dituzte herritarrak. Panghat taldeak bere emanaldietan eskaintzen dituen dantzak tokian tokiko irakasle adituen eskutik jasotakoak dira, eta horrela, Indiako folkloreko hainbat dantzatan adituak bilakatu dira. Dantzez gain, arreta berezia eskaintzen diote arropari, eta beraiek diseinatutako jantziak erabiltzen dituzte euren emankizunetan.

1706639566440 Indiako eta Dagestaneko musika eta dantzak nazioarteko folklore jaialdian

Lezginka (Dagestan)
  "Lezginka" dantza tradizional eta hunkigarri baten izena da, eta baita Kaukasoko biztanleen ikurretako bat ere. Igor Moiseyev-ek zuzenduriko Estatuko Folklore Akademiako bakarlari izandako Tamkho Izrailov-ek sortu zuen dantza taldea, duela 50 urte. Euren dantzak, Kaukasoko folklorean oinarrituta daude, eta horietan gizon indartsu eta harroa izan ohi da protagonista.

Haritz EDT (Euskal Herria)

1706639566474 Indiako eta Dagestaneko musika eta dantzak nazioarteko folklore jaialdian

  Aurten, Nafarroako dantzak izango dira nagusi. Hasteko, Irradaka dantzatu eta kantatuko dute Haritz Euskal Dantzari Taldeko neskek. Dantza-kanta hau neska gazteek borobilean dantzatu eta kantatzeko ohitura zaharretan oinarrituta sortu zuen Juan Antonio Urbeltzek, 1987an. Horretarako, Nafarroako hainbat txokotan bildutako datuak eta oroitzapenak eta kantutegietan jasotako doinuak eta hitzak erabili zituen. Ondoren, eta Nafarroatik alde egin gabe, Otsagiko makil-dantzaren txanda izango da.
  1969an estreinatu zuen Argia dantzari taldeak Axuri-beltza edo Jaurrietako nesken-dantza. Noizbait dantzatu izan zen dantza baten doinua eta oroitzapenetik abiatuta birsortu zuen Juan Antonio Urbeltzek. Ondoren, Lesakako dantzen txanda etorriko da, mutilen eskutik. San Fermin egunean, Lesakako kaleetan eta Onin errekaren bi ertzetan dantzatzen dute lesakarrek ezpata-dantza hau. Eta bukatzeko, Iribasko ingurutxua taularatuko dute Haritzekoek. Dantza hori, 1936. urtetik dantzatu gabe egon ondoren, 1969. urtean Juan Bautista Lasarterekin ikasi eta berriz dantzan jarri zuen Argia dantzari taldeak.
 
*Noiz: uztailaren 23an, barixakua
*Ordua: 22:30ean
*Non: Olaizaga kiroldegian

BIDEOAK:
2009ko Folklore jaialdia (Hego Afrika, Armenia eta Euskal Herriko dantzak) {vimeo}5782220{/vimeo}
2008ko Folklore jaialdia (Turkia, Irlanda eta Euskal Herriko dantzak) {vimeo}5591662{/vimeo}