Elgoibartik pasatuko da Ehun Milak ultratraila

elgoibarren.net 2010ko uzt. 16a, 13:46

 
22:00ak aldera iritsiko dira, gaur (uztailak 16), Ehun Milak ultratraileko parte hartzaileak otsaurtiara.

 


 Bergara aldetik iritsiko dira Ehun Milak (www.ehunmilak.com) ultratraileko lasterkariak Elgoibarrera, 22:00ak aldera. Irukurutzetatik barrena, Otsaurtiara helduko dira, ondoren Azkaratera jaisteko. Handik Urnobitzara igoko dira, eta gero Madariaga aldetik Erlorantz abiatuko dira. Otsaurtian 40. kilometroa beteko dute mendizaleek, eta handik aurrera beste 127 kilometro egin beharko dituzte. Lasterkariei animoak emateko trikiti festa antolatu dute Morkaikoko kideek Otsaurtian. Animoak jasoko dituzten antxintxikarien artean, bi lagun, gutxienez, elgoibartarrak izango dira: Edu Uribe eta Jose Mari Juaristi.

 Gaur hasi da Beasainen Ehun Milak, Euskal Herriko mendi lasterketarik gogorrena. Korrilariek 48 ordu izango dituzte 167 kilometroko ibilbidea egiteko, eta 11.500 metroko desnibel positiboa gainditu beharko dute. Europa osoan Chamonixen antolatzen den probak —Mont Blanceko The North Face ultratrailak—eta Euskal Herrian estreinakoz egingo den Ehun Milak probak gainditzen dute 160 kilometroko distantzia, eta Ehun Milak da 10.000 metroko desnibela gainditzen duen ultratrail bakarra. Lasterketa Euskal Herritik igaroko da oso-osoan, zehazki Gipuzkoako lurralde historikotik, eta mendiz zeharkatuko ditu Goierri, Tolosaldea, Urola Kosta eta Urola Garaia eskualdeak. Bidean mendi esanguratsuenak igoko dituzte: Txindoki (1.346), Ganbo (1.402), Aizkorri (1.528), Erlo (1.026), Izaspi (967) eta Hernio (1.075).