“Orain dela 20 egun aita izateak eman dit Ehun Milak bukatzeko indarra”

elgoibarren.net 2010ko uzt. 21a, 16:07


Jose Luis Diaz izan zen Ehun Milak proba gogorra amaitu zuen elgoibartar bakarra; 96. postuan sailkatu zen 45 ordu eta sei minutuko denbora eginez. Une txarrak asko izan zirela-eta bakarra aukeratzea zaila dela aitortu du: “Aralarretik pasa ginenean zaila zen uztailean geundela sinestea, neguko egun bat zirudien-eta gehiago; haiek ziren hotza, haizea eta behe lainoa… eta Txindoki igo eta jaisten, berriz, arrisku handiak hartu genituen”.




  Arriskuak eta nekeak bide bazterrean lagata, orain hogei egun jaio den semearengan pentsatzeak proba amaitzeko indar handia eman diola uste du Ormaiztegin jaio, baina azken 6-7 urteetan Elgoibarren bizi den mendizale zaildu honek.

  Kirola egiten dutenek badakite zenbateko garrantzia duen buruak edozein kirol jardueratan, baina gogortasun maila honetako proba batean buruz arin dabilenak jai dauka: 48 ordutan, ia geratu gabe, 167 kilometroko ibilbidea egiteko, eta 11.500 metroko desnibel positiboa gainditzeko ondo entrenatuta egotea ezinbestekoa da. Hala izanik ere, une askotan buruak egiten dio tira gorputzari. Jose Luisek argi dauka: “Sufritzen behintzat ikasita gaude. Hor ez daukagu arazorik”. Gaztetan txirrindularitzan ibili izanak, -afizionatu mailaraino ailegatu zen-, sufritzen erakutsi diola uste du eta baita iraupena garatzen lagundu ere. Irteera hartu zuten erdiek baino gehiagok abandonatu zutela aipatzerakoan ere argi dauka: “Une txar asko pasa nituen arren; birritan erori nintzen, txorkatila behin baino gehiagotan bihurritu nuen… arazo oso larri bategatik bakarrik abandonatuko nukeen: belauneko arazo larri bat edo antzerakoak”.
 
Arrisku handiak
 Aralarretik pasatzen gorriak ikusi zituela dio, “behe laino itsua zegoen eta arazoak nituen metro batera zeuden balizak ikusteko. Hotza eta haizea itzelak ziren, neguko egun bat zirudien hark, eta gutako oso gutxi joan ziren hango haizeari eta hotzari aurre egiteko arropa egokiekin. Txindoki igo eta jaistea ere sekulako balentria izan zen. Igotzea ia ezinezkoa bazen, are arriskutsuagoa zen jaistea. Bizia zegoen jokoan han. Parte hartzaileok bakarrik ez, tontorrean zeuden antolakuntzako lagunek ere bereak eta bi ikusi zituzten. Desiratzen zeuden jaisteko. Horregatik neutralizatu behar izan zuten proba gu pasa ondoren. Arrisku handia zegoen han”, azaldu du Jose Luis Diazek.

Azken txanpa bikaina
  Proba amaitzeko asmoarekin irten zen Diaz. “50-60 kilometroko entrenamendu eskasak eginda  aurkeztu nintzen Ehun Milak proban. Azken entrenamendu gisa egitea pentsatzen nuen Hiru Handiak ere ezin izan nuen egin, sasoi horretan jaio zen-eta nire semea. Hortaz, amaitzea zen nire asmo bakarra. Alabaina, 30 ordu neramatzanean Etxegaratera ailegatu nintzen, eta, beharbada, 40 orduz azpitik, -oso denbora ona-, ailegatzeko aukerarik ere izan nezakeela pentsatu nuen une batez. Erabaki bat hartu behar nuen, zirt edo zart: gelditu gabe aurrera jarraitu, edo, gehienek egin zuten moduan, lokumuxka bat egin eta indarrak pixka bat berreskuratu ostean ekin berriz bideari. Lo egitea erabaki nuen. Sei orduz egin nuen lo aitaren autoan. Antolakuntzakoek esnatu ninduten eta ez berri onegiekin gainera. Berehala abiatzen ez banintzen bertan behera laga beharko nuela proba esan zidaten. Indarrak berreskuratuta, fresko, baina azkena irten nintzen. Aizkorri suabe-suabe igo nuen bi katalanekin batera eta gero ia dena korrika egin nuen. Etxegarate eta Beasaien artean dauden 37 kilometroak bederatzi ordutan egin nituen. Beste batzuk 18 ordu behar izan zituzten zati hori egiteko. Bidea oso ondo ezagutzeak, eta, batez ere, lo egiteak mesede handia egin zidan. Fresko ailegatu nintzen helmugara, milia gehiago egiteko moduan”.

15-20 litro edan

  Behar bezala hidratatzearen garrantzia ere nabarmendu du Jose Luis Diazek. “kalkuluak atera ditut eta 15-20 litro likido edango nituela uste dut, urik batere ez baina, ez baitauka gatz mineralik. Gatorade edan nuen, batez ere, salda pixka bat eta noizean behin Pepsiren bat ere bai. Jan, berriz, ez askorik; pasta, arroza, fruitu lehorrak… eta kitto
 
Probarik gogorrena?
  Diazek ez du uste parte hartu duen probarik gogorrena izan denik, dena den. “Proba oso gogorra da berez, baina norberak egiten du gogorra proba bat, nola hartzen den da kontua”. Berriz parte hartzeko asmorik daukan galdetuta, ez da ezetz esatera ausartzen: “zaila da horrelako proba bat amaitu berritan horrelako galdera bati erantzutea, baina badaukat eskarmentua eta beste batzuetan ere gehiago parte hartuko ez nuela esan izan dudan arren, parte hartu izan dut azkenean, hortaz…