Roman Garate: "Euskara desagertuko balitz, ‘Euskal Herri ohia’ izango genuke"

elgoibarren.net 2010ko uzt. 26a, 10:08

 
Argia aldizkariak Roman Garate elkarrizketatu du, Gotzon Garate zenaren anaia. Euskara, erlijioa eta anaia izan dituzte hizpide.

 

 

 

Argia dugu orain, Zeruko Argia garai batean. Urteak dira azkenekoz abadearen bereizgarri lepoko zuri hori aldizkarian ikusi genuena…

Argian agertzen zen erlijiotasuna ezkutatu egin da gaur egun. Baina gure komunitatean bertan, Deustun, baliteke lepoko zuria eramaten bakarra izatea ni. Lepoko zuri hau gure janzkera herriari egokitzeko asmotan ezarri zen, baina askotan esaten dut lagunartean –eta nire anaia Anjelmari Gotzoni ere esaten nion–, horrekin ez dugula ezer aurreratu herriari egokitzen. Behin, kenduko ote nuen ere esan zidaten, Madrilen, Nietzcheren inguruan hitzaldi egitera joan nintzen batean. Ekitaldiaren antolatzaileak: “Aizu, lepoko hori kentzea… Hemen, izan ere, ateoak ere bilduko dira eta”. Nik, “O, ateoei ez die batere kalterik egingo lepoko zuri hau ikusteak”. Jendartean zen Fernando Savater, esaterako, egin zidan galderaren bat Nietzcheren gainean, eta aurrera! Kalean noala, berriz, batzuetan etortzen zaizkit: “Aita!”. Noiz edo noiz, irain eta mehatxuak jasotzea ere gertatu zait, Bilbon bertan, eta inork tu egin ere bai! Fanatikoak leku guztietan! “Kristau al zera? Bai, jauna, kristaua naiz Jaungoikoari eskerrak” [kantuan eman du], esaten nuen nik umetan, eta irain, mehatxu eta gainerakoak eramatea ez zait batere kostatzen.


Erlijiotasuna ezkutatu egin dela esan duzu arestian.


Europan bai, ezkutatu egin da. Aurrera goazela-eta, Ilustrazioa dela-eta… kristautasunaren kontrako giroa zabaldu da, Eliza beraren kontrakoa. Nabarmena da hori. Eliza aipatzeak etsaigoa dakar, askotan. Elizari egiten zaizkion salaketak arrazoizkoak dira batzuetan, baina beste batzuetan, aldiz, kalumnia hutsa. Pederastia dela-eta, zenbat istilu izan dudan nik hainbat lagunekin, halako eta halakoren kontrako akusazioak tarteko direla. Asko zain-zain daude, nondik Elizari erasoko. Roman pederastia kasuren batean nahasita egon dela jakin eta adurretan lirateke, pozak zoratzen!
“Kristau al zera? Bai, jauna, kristaua naiz Jaungoikoari eskerrak”, esan, kantatu duzu, umetan bezala…
Txikitan euskaraz ikasi genuen doktrina. 5-6 urte izango nituen doktrinan hasi nintzenean. Euskaraz ari ginen denok. Sartu ziren nazionalak herrian eta gaztelaniaz ikastera behartu gintuzten! Hirurogeita bi neska-mutiko ginen komunio handia egitekoak. Denok ari ginen euskaraz, bi ezik. Portugesak ziren, Da Silva, tximista baino bihurriagoak, baina jatorrak. Anjelmari Gotzon nire anaiak esaten zuena, “askoz hobeto gaude orain orduan baino”. Nik bestela esango nioke. “Ez, Anjelmari maitea, ez. Zu euskararen kontrako giroa puri-purian zegoenean jaio zinen, hori da zuk bizi izan zenuena, baina zu baino bederatzi urte eta erdi zaharrago naizen honek bestela bizi eta ikusi izan nituen gauzak gerra aurrean”. Guri, euskaraz hazi ginenoi, egun batetik bestera euskaraz hitz egitea bekatu zela esan ziguten, gaztelaniaz ikastera bortxatu gintuzten. Giroak erabat erdaraz hitz egiten jarri zituen emakumezkoak. Ez ziren gu baino makalagoak, baina horretara behartu zituen giro petral hark.


Zaila izango zen, bada, egun batetik bestera gaztelaniaz hastea…


Zaila? Zailagorik bada hamaika. Zenbat aldiz entzun ote dut: “Gerra jasan dugunok, hau eta hura… traumatizatuta gaude!”. Traumatizatuta? Zazpi hilabetez bonbardatu zuten Elgoibar, egunero. Hegazkinak ziren batetik, kanoiak bestetik. Nazionalak sartu ziren Elgoibarren, gorriak ziren nagusi Eibarren. Guk, umeok, jolas egiten genuen, zernahirekin. Badut lagun bat, eibartarra, institutu sarrera egin genuen biok, gerra inzibila lehertu bezperan. Noizean behin elkartzen gara oraindik, eta gerran ikusitakoak ez digu apetitua galarazi, ezta umorea eta argitasuna ere. “Quidquid recipitur, ad modum recipientis recipitur”. Kristo aurreko esaera da: “Hartzen dena, ontziaren arabera hartzen da”. Euri zaparrada ari baldin badu, jar ezazu ontzi zabal bat, eta euri-ur guztia bilduko du. Aldiz, jar ezazu tutu estu bat eta ezin izango du ur guztia irentsi. Horretan nago ni. Sufritu ere egin genuen, negar ere bai, etxeko edo auzokoren bat hiltzen zenean, edo hankamotz geratzen zenean, bai, baina jolas egiten genuen, bonba eta metrailarekin ere jolas! Egunero ditugun ondoezak kontuan hartzen hasiko bagina, momentuan bertan hilko ginateke.


Esan duzunez, Gotzonek “orain askoz hobeto gaude” zioenean, ez zegoen zuzen.


Berak ez zekien! Nik 11 urte nituen gerra sartu zenean. Berak 2. Ez zuen aurrekorik ezagutu. Berak oraingoa ikusten zuen: ikastolak, aldizkariak, zuek bezalakoak jo eta ke euskararen aldeko lanean… Baina aurreko egoera hura ez zuen bizi izan, orduko herria, Elgoibar… Zein da, euskarari dagokionez, Euskal Herriak duen arazoa? Herriak ez duela euskaraz hitz egiten. Eta, hain zuzen, horixe da euskararen egoeraren termometrorik onena. Bai, euskara ikastoletan, unibertsitatean… baina, kalean? Kalean, orain dela hamar urte baino gehiago egiten al da euskaraz? Ez dut uste. Hori da gure arazoa, herriak zenbateraino egiten duen euskaraz.
Euskaraz hazi zinen, hala etxean nola Elgoibarko kalean, gerra sartu arte behintzat, baina gaztelaniaz egin zenituen ikasketa nagusi guztiak.
Jakina, eta euskararen kontrako giro betean. Nobiziatua Loiolan egiten genuen jesuitok. Han, nire anaia Jenaro eta biok batera geunden. Euskaraz hitz egiteko ere, baimena eskatu behar izan genion aita Intxaurrandietari. Abertzalea zen, oso, eta baietz. Baina bestela, giroa ez zen batere aldekoa. Anjelmari Gotzonek, esaterako, Filosofia bukatu eta Magisteritza egiteko destinoa aukeratzerakoan, Donostia jo zuen begiz. “Zergatik Donostia?”, gure aita probintzialak. Eta Gotzonek –oso aingeru zen gauza askotarako–, “euskara jorratzeko lekurik egokiena dela uste dut”. “Ederki. Zaragozara!”. Urrutien zegoen ikastetxera! Hori zen gure giroa. 

 

Jaio zinenean Euskal Herria bizi izan zenuen Elgoibarren. Gaur Euskal Herri hori ez dago…


Ez dago. Erdibituta dago. Nik ez dut ukatzen, hala ere, euskaraz ez dakiten batzuek nik baino maitasun handiagoa izatea Euskal Herriari. Euskara desagertuko balitz, “Euskal Herri ohia” izango genuke. Pentsatzen dudana esaten ari naiz. Ez gara gehiago, ez gutxiago. Gure tasun funtsezkoena euskara da. Ondoren datoz maitasuna eta gainerako tasun guztiak.

 

Elkarrizketa osorik: Roman Garate (Argia.com)

*Argazkia: Dani Blanco.