Bigarren mailako finala Armueta-Guenetxea eta Mendaroko Gaizka-Salegi bikoteek jokatu zuten, eta azken emaitza 22-14 izan zen, mendaroarren alde. Alebinetan, 18-15 irabazi zion Antxon de la Aradak Odriari, eta infantiletan, 18-11 irabazi zion Santamariak Narbaizari.
Urtero bezala, Santiago Egunean zuten zita pilotazaleek Sigman. Antolatzaileek hamaiketakoa ere prestatu zuten ikusleentzat, eta hasieran jateko gehiegi eraman zutela uste bazuten ere, berehala amaitu zen dena. Hondartzarako girorik ez zuen egiten, eta ikusle asko bildu ziren Sigmako frontoian, pilota txapelketako finalak ikusteko. Aurtengoa 30. edizioa izan da, eta antolatzaileak "pozik" geratu dira txapelketak izan duten parte-hartzearekin. 80 pilotari inguruk hartu dute parte, eta Elgoibarko pilotariez gain, inguruko herrietako partaideak ere izan dira Sigmako txapelketan.