Pirinioak mintzagai direnean, gehienetan mendi altuez eta haran ezagunenetaz hitz egiten dugu, hala nola, Aran bailara, Benasque, Aneto, Perdido...
Nire ustez ordea, mendikate alpino hau, mundu txikitxo bat da mundu handi baten barnean atxiloturik gelditu dena. Hori dela eta, gaurkoan pare bat proposamen luzatuko dizkizuet zuek ere disfrutatu ditzazuen. Proposamen hauek bi ibilaldi ezberdin dira, baina beti ere, Tena bailaran dauden aintzira ezberdinak ezagutzeko gonbitea egiten dizuet.
Ibilalbideen zailtasun-mailari begiratzen badiogu, errazak direla esango nuke, distantzia ez da oso handia eta bide egokiak dira, mendiko zapatiletan edo trekkineko botekin egiteko modukoak.
Aukeran jartzen dizkizuedan bi ibilaldi hauek jende asko erakartzen dute, hau da, ezagunenak direla esango nuke eta hortaz, ez dago galtzeko arriskurik beti ere bideko mugarri eta seinaleei adi bagabiltza.
Ezaugarri hauek betetzen dituzten ibilaldien barnean aintzira politenak mendi hauen ingurukoak dira: Anayet, Arriel, Brazato, Infiernos eta Argualas-Garmo Negrokoak.
Nire gaurko proposamenak Arrieleko eta Ordicusoko aintziretara joateko ibilbideenak dira.
Sarrera honekin amaitzeko gauza bat argitu nahi nuke. Nahiago nuke laku hitza erabiltzea, baina geografikoki desegokia denez, laku batek kilometro bateko luzeera eta 40 metroko sakonera izan behar baititu hala deitzeko, aintzira edo gaztelerako ibon bezala aipatuko ditut. Horrez gain esan, ibilbideetan adierazten dudan ordutegia gutxi gorabeherakoa dela, guztiok ez baitugu erritmo berdina oinetan.
1. ibilbidea: ARRIELEKO AINTZIRAK
Arriel edo Saldiecho mendia Tena bailaran sartzen garen neurrian agertzen da urrutian, piramide perfektu baten isla balitz bezala. 2.822 metroko garaiera duen menditzar honek Pirinioetako aintzirarik ederrenetarikoak ezkutatzen ditu bere inguruan, hauexek dira Arrieleko aintzirak.
Irteera-puntua, Sallent de Gállego herritik gora dagoen La Sarrako urtegiaren atzeko parkinean (1.440m) ezarriko dugu. Hemendik, Respomuso aterpetxera doan GR-11 bidea hartuko dugu, bidea baino autopista bat ematen duena, jende ugari ibiltzen baita egunean zehar.
Neguko arrastoak ikusgai dira oraindik ere. Honako hau elur-jausi batek
eragin zuen eta itxuragatik nahiko handia izan zen. Bideak malda handitzen duenean adi seinaleei, ez baitugu Respomusorako bidea jarraitu behar. Ezkerretara doan bidea hartu behar dugu 1.740 metro inguruan dagoen bidegurutzean (1h 30'). Hemendik aurrera, bideak gora egiten du altuera erraz irabaziz harri-tarte batean.
Atzera begiratzean mendi asko ikus daitezke: Telera, Foratata, Retona,
Punta Escarra, Collarada, Pala de Ip...
Gora goazen einean, Balaitus mendia harri-tartean ikusten hasten gara.
Azkenengo metroetan bidea haitz-tarte batean sartzen da eta bertatik ikuspegi zoragarria dago Balaitus eta Frondiellak ikusten baitira. Hemendik Arrieleko beheko aintzirara iristen gara (2.180m), non Frondielletako zirkua gainean edukiko dugu (2h 30'- 3h).
Bidea ondo seinalizatua egoteaz gain, paisaia ikusgarria da. Balaitus (3.144m)
ezkerrean, eta Frondiellak (3.059m) eskubian.
Bidean aurrera egin ezkero Arrieleko goi aintzirara iritsiko gara (2.240m), eta bertatik ikus daitezkeen mendiak ikaragarriak dira: Balaitus, Frondiellak, Palas, Arriel...
Palas (2.974m) beti bezain ikusgarri.
Itzulerarako bidea luzatu eta ederragoa egiteko Respomusora abiatuko gara Kontrabandisten bidetik.
Berriz ere beheko aintzirara jaitsi eta ezkerretik gorantz doan bidea hartuko dugu. Bide honek hasieran metro batzuk igotzen baditu ere, gainontzekoa altuera galtzen egingo dugu. Benetan Kanadan gaudela dirudi.
Hasierako igoeraren esfortzuak bere irabazia izango du bidean zehar
ikus daitezkeen paisaiekin.
Kontrabandisten bidearen hasieran garai bateko meatzeen hondarrak
ikus daitezke. Atzean Punta Escarra, Collarada, Pala de Ip...
Bidea oso ondo dago eta ibiltzeko ez du zailtasun handiegirik ematen.
Respomusora hurbildu hala, zirkua zabalduz doa.
Respomusora iristean (2.200m), ura betetzeko iturria dago eta urtegiaren inguruan bazkaltzeko toki ederrak daude (4h). Inguruan zirku itzela dugu, Balaitus eta Frondiellak ikusteaz gain beste mendi asko ere bertan dauzkagu: Cristales, Gran Facha, Llena Cantal, Tebarrai, Forqueta, Musales...
Respomusoko urtegiaren presa ingurutik ikusi daitekeen zirku ikusgarria.
Urtegia nahiko handia da baina buelta ematea oso gomendagarria iruditzen zait, eta ordubete inguruan egin daiteke (5h).
Azkenik jaisteko bidea hartuko dugu La Sarrara bidean. Bide hau igoeran hartu duguna da, baina bidegurutzean utzi duguna Arrieleko aintziretara igotzeko.
Pare bat orduren buruan La Sarrako parkinean gara egunpasa ederra eginda (7h). Amaitzeko gauzarik onena errekan bainu freskagarri bat hartzea izan daiteke.
2. ibilbidea: ORDICUSOKO AINTZIRAK
Kokapena ikusteko mapa.
Ibilbidea gorriz markatua dago.
Bigarren proposamen honen irteera-puntua Panticosako Bainuetxean (1.636m) ezarriko dugu. Gaur egungo krisia dela eta bertako eraikuntza-lanak geldituta daude eta itxura negargarria erakusten du, dena lotsagabe batzuen erruz!
Panticosako bainuetxetik ipar-mendebalderantz ikus daitezkeen mendiak.
Gorriz Ordicusoko aintziretara joateko ibilbidea markatu da.
Igoerari ekiteko, urtegia alde batetik bestera igaro behar dugu iparralde norabidean dagoen basora bidean. Bidea oso ondo dago, seinale eta mugarri askorekin markatuta. Zig-zag batzuen bitartez altuera azkar irabazten da pinu gorri (Pinus sylvestris) eta pinu beltzez (Pinus uncinata) osaturiko basoan gora egin hala.
Ibilbidea egoera onean eta oso argia da, inguruko paisaiak zoragarriak.
Poliki-poliki konturatuko gara zuhaitz kontzentrazio eta kopurua jaitsi egin dela eta horrela goi larre batera iritsiko gara, Malleta Baja de las Argualas delakoa (1h). Puntu honetan (1970m) Pondielloseko lepora eta mendi altuetara doan bide zabala utzi behar dugu.
Bidegurutzea dagoen puntua, atzean Xuan eta Batanes mendiak.
Poliki-poliki gorantz atzean mendi ikusgarriak agertzen diren einean.
Mugarri batek adierazten duen bidegurutze batean, ezkerretara dijoan bidexka hartu behar dugu. Bidexka berri honek gora egiten du erreka baten ondotik.
Bideak erreka ondotik jarraitzen du gorantz, haran txiki bat jarraituz.
Siempreviva (Sempervivum montanum) loreak gero eta gehiago ikusten dira
altueran gora egin hala.
Arnaleseko aintziratik Ordicusokoak ikus daitezke, hortaz, azken zatiko
ibilbidea eta jaitsierarako aukerak adierazita daude.
Igoera lasaia eta polita da, amaiera aldean aldapa zertxobait areagotzen bada ere. Hala, Ordicusoko goiko aintzirara iritsiko gara (2095m) lehenengo eta zertxobait behera egin ostean beheko aintziran aurkituko gara (2h).
Ordicusoko bi aintzirak, atzean Xuan, Batanes, Labaza, Brazato...
Ordicusoko goiko aintzira.
Beheko aintzirara bidean ikus daitekeen ikuspegia.
Iparraldera begiratuz gero ordea, ondorengo hau dugu.
Beheko aintziran, hemen ere, Kanadan bezala.
Bertatik ikuspegi zoragarria dago inguruko mendiengan. Gainean dauzkagu Argualas, Garmo Negro eta Pondiellos tontorrak eta panoramika zabalduz gero agertzen dira Panticosako zirkua osatzen duten gainontzeko guztiak (Xuan, Batanes, Bacias, Brazato...).
Jaitsierarako bide ezberdinak hartu ditzakegu hasierako zatian, hala ere, igoeran igaro dugun goi-larrera eramango gaituzte (2h 45'). Hemendik, hasierako bide zabala hartu eta Panticosako bainuetxera jaitsiko gara (3h 30').
Jaitsierako bide ezberdinak ere markatuak daude, eta ez dago galtzeko
aukera handirik.