Oin Alai ekimenak boluntarioak behar ditu

elgoibarren.net 2010ko ira. 3a, 13:39

 
Datorren martitzenean (irailak 7) eta eguaztenean hasiko dute ikasturte berria Elgoibar Ikastolako eta Herri Eskolako ikasleek. Eta, ekaineko lehen astetan egin zuten probaldi arrakastatsuaren ostean, Oin Alai ekimenean izena emanda dauden 110 umeek oinez egingo dute euren ikastetxeetarako bidea. Alabaina, ekimenaren sustatzaileek umeak lagundu eta gidatzeko boluntario gehiago behar dituztela jakinarazi dute.


  Une honetan izena emanda dauden 29 boluntarioak gutxiegi direla uste dute. Are gehiago kontutan izanda probaldian bertan 40 boluntario eduki zituztela. Boluntario izateko prest dauden lagunek ikastetxeetan eman dezakete izena. Boluntario gehiagorik ezean, ibilbidearen adar batzuk: Meliton eta Ikastola arteko zatia, Urasandiko plaza eta King-kong artekoa eta Jausoroko adarra, besteak beste, kolokan daude. . Oin Alai ekimenaren arduradunek adar horiek bertan behera laga behar izatea “pena” litzatekeela adierazi dute. Hala balitz hurrengo geltokietaraino joan beharko lukete haurrek.

  Bestalde, boluntario zein umeek txalekoak eramango dituzte jantzita, segurtasuna hobetzeko eta boluntarioen lana errazte aldera.