Antxintxika egiteko zoru sintetikoa dauka pista berriak, berde kolorekoa. Zoru berezi horri esker gorputzeko artikulazioek asfalto gainean baino gutxiago sufritzen dute pausua ematerakoan. Zoru sintetikoaren gainean, kaltetu ez dadin, antxintxika edo oinez bakarrik ibili ahal izango da. Galarazita dago, hortaz, bizikletan, motorrean, patinetean edo patinetan bertatik ibiltzea. Juan Mugerza kroseko ibilbideak eta pistak bat egiten duten zatietan zoru sintetikoak ez du bide guztia hartzen, besteak beste, krosa izaten jarraitzeko lur gaineko ibilbidea edukitzea nahitaezko baldintzetako bat baita. Horrela bada, bat egiten duten zati horietan bi zoruak mantendu dituzte.
Ibilbide berriak Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elgoibarko Udalak erdibana osatu duten 400.000 euroko aurrekontua izan du. Pista sintetikoaz gain, beste hainbat hobekuntza egiteko ere erabili dutela diru hori azaldu du Alfredo Etxeberria alkateak. “Urak bideratzeko kanalizazio lan garrantzitsuak egin ditugu eta argiteriaren azpiegitura ere erabiltzeko prest laga dugu, momentuz martxan jarriko ez badugu ere”. Aurrekoez gain, Mintxetako aparkalekuko iturria dagoen lekuan aire libreko gimnasio txiki bat jarriko dute, ariketak egiteko hainbat aparailuz hornituta. Aparkalekuek eta pistak bat egiten duten inguruan ere jarlekuak jarriko dituztela aurreratu du Elgoibarko alkateak.
Argazkiak: