Eguraldiak guztiz baldintzatu du aurtengo Mont Blanceko ultratraila, munduko mendi lasterketa entzutetsuena eta gogorrenetarikoa. Proba abuztuaren 28an jokatu zen arren, negu giroa aurkitu zuten parte hartzaileek Alpeetan, eta 21 kilometro eginak zituztenean proba neutralizatu behar izan zuten antolatzaileek, Seigne (2.516 metro) lepoan izandako luizi handi batek bideak desagerrarazi zituela-eta. Hurrengo egunean, eguraldi hobea lagun, Courmayeur-etik Chamonixera dauden 95 kilometroak egin ahal izan zituzten parte hartzaileek. Hortaz, 166 kilometro proba 21 eta 95 kilometrotako bi zatitan egin ostean, Jez Bragg britainiarrak irabazi zuen proba 10 ordu, 30 minutu eta 37 segundoko denborarekin, eta Zigor Iturrieta gipuzkoarra sailkatu zen hirugarren postuan. (ikusi hemen sailkapen osoa)
Edu Uribek, ohi duen moduan, bere blogean (Mendi Lasterketa) kontatu ditu Mont Blanceko ultratrailean bizitakoak.Antolatzaileek ere hainbat bideo ikusgarri igo dituzte probaren webgunean.