“Udako denboraldiaren hasiera, eguraldiari dagokionez, nahiko kaxkarra izan zen eta lehenengo hamar egunetan euria egin zuen. Uztaila nahiko ona tokatu zitzaigun baina berriro ere abuztuaren lehengo hamabostaldia oso txarra egin zuen, giro nahasiarekin, euriarekin eta hotzarekin. Udazkenean geundela zirudien. Zorionez abuztuko bigarren hamabostaldian eguraldiak hobera egin zuen eta orain arte horrela mantendu da”, adierazi du Ramon Mugica, Kirol Patronatuko zuzendariak, aire libreko igerilekuen aurtengo denboraldiaren laburpena eginez.
Gauzak horrela, iazko udarekin alderatuz, eguraldi oneko egun gutxiago izan diren arren, bi egunetan: ekainaren 29an eta uztailaren 19an, 2.000 erabiltzaile baino gehiago izan zituen Mintxetako igerilekuak. Udako 23 egunetan, gainera, 1.000 erabiltzaileen marka gainditu zen. Batez beste joan zen udan baino jende gehiago hurbildu da Mintxetara egun ona egin duenetan. Hala eta guztiz, iazko erabiltzaileen kopurua; 55.000 erabiltzaile, aurtengoa baino altuagoa izan zen.
Gainerakoan, gorabehera gutxiko uda izan dela nabarmendu du Mugicak.
Hona hemen azken urteotako erabiltzaile kopuruaren bilakaera, urtez urte:
- 2010: 48.000
- 2009: 55.000
- 2008: 34.342
- 2007: 15.000
- 2006: 29.000
- 2005: 32.000