Plaza Txikiko Astea antolatu dute bertan jaio, bizi edo hazi diren hainbat elgoibartarrek

elgoibarren.net 2010ko ira. 15a, 14:13

 
Plaza Txikiaren bueltan jaio, bizi eta hazitakoek Plaza Txikiaren Astea antolatu dute hil bukaerarako, inguru horretan bizitako sasoiak gogoratzeko asmoz. Irailaren 25ean hasiko dituzte jaiak, 12:00etan, Mingorance ferietako saltzaile berritxuaren jardunaldiarekin.

 
 


Munduko berritsu onena

Jose Luis Perez Olmedo, 'Mingorance'

Jose Luis Perez Olmedo, Torrevieja (Alacant) inguruetan Mingorance moduan ezagunagoa, munduko berritsu edo txarlatan onenetarikotzat daukate; eta halaxe erakusten du lau alditan (1994, 1995, 1996 eta 2008) Espainiako berritsu txapelketa irabazi izanak. Ona bada edozer saltzeko gai dela dio berak (irakurri hemen Mingoranceri eginiko elkarrizketa bat). Behin komun bat ere saldu zuen Pepe Navarroren telebista saio batean zegoela.
 Orain dela urte batzuk ohikoa ei zen Mingorance moduko berritsuak Plaza Txikian lanean ikustea. Orain, aldiz, galtzear dagoen lanbidea da berritsu saltzaileena.

Aintzinako Joko eta jolasak
 Hilaren 30ean eta urriaren lehenengo egunean, berriz, antzinako joko eta jolasak berreskuratuko dituzte 18:00etatik 20:00etara, eta urriaren 1ean bertan, 22:00etan, umorezko obra bat taularatuko du Taupada antzerki taldeak.
  • 'Isladak' antzezlaneko une bat.

    Komediak oroimenean: Komediak izenburuko antzezlana aurkeztuko du Elgoibarko Taupada taldeak Plaza Txikian. Ikuskizunak bi ekitaldi izango ditu. Lehenengoan, magoa, fakirra, pailazoak, abeslariak, dantzariak, malabarista eta aparteko musikariak entzun eta ikusteko aukera izango da. Ekitaldiaren bigarren zatian errifak salduko dituzte eta bukaeran zozketa egingo da. Saioan parte hartuko duten antzezle eta musikari denak elgoibartarrak dira, orain hilabete batzuk eskaini zuten Isladak antzezlanean parte hartu zutenak asko. Informazio gehiago: Komediak oroimenean (PDF)

Meza eta bazkaria
Urriaren 2an, berriz, 11:30etan Plaza Txikikoen omenezko meza ospatuko dute San Bartolome parrokian, eta meza ostean, Plaza Txikian bilduko dira, ondoren, 14:30ak aldera, bazkaritara joateko. Bazkaritarako izena eman nahi duenak 19 euro ordaindu beharko ditu [75 urtez gorakoek, 7 euro] Euskadiko Kutxaren ondorengo kontu korrontean, norberaren-deiturak adierazita: 3035 0007 28 0071119160.

Plaza Txikiko erretratu zaharrekin erakusketa
Era berean, Plaza Txikiko argazki zaharrak biltzen hasi dira jai batzordekoak, urriaren 27tik azaroaren 3ra Kultur Etxean erakusketa bat antolatu asmoz. Etxean Plaza Txikiko argazki zaharren bat duenak Muruamendiaraz Gozotegian laga dezake eta itzuliko diote gero, behin eskaneatu ostean.
 
Plaza Txikia, lehen eta orain

1706639500713 Plaza Txikiko Astea antolatu dute bertan jaio, bizi edo hazi diren hainbat elgoibartar

1706639500772 Plaza Txikiko Astea antolatu dute bertan jaio, bizi edo hazi diren hainbat elgoibartar

 
  *Argazkiak: guregipuzkoa.net