Lana bilatzen hasteko doako ikastaroa eskainiko du Udalak

elgoibarren.net 2010ko ira. 16a, 14:34

Internetez lana bilatzeko ikastaroa antolatu du Udalak, ikasleentzako, langabetuentzako edo beste lan bat aurkitu nahi dutenentzako. Besteak beste, lanpostu deialdien aurrean jarraitu beharreko pausoak nola eman behar diren irakatsiko dute. Ikastaroak doan izango dira.
Era berean, eta lanarekin zerikusia duten gaiekin jarraituz, ekintzaileen zentro berriko obrak bide onetik doaz, eta hilabete amaierarako Gabriel Krutzelaegi kalean dagoen egoitza amaituta egongo dela uste du Udalak.


  Elgoibartarrek RedTrabaja programaren baitan antolatu diren dohaineko hainbat ikastarotan parte hartu ahal izango dute, irailaren 20tik aurrera eta urrian zehar. Gainera, ikastaro guztiak berriz eskainiko dituzte, azaroan eta abenduan.

  Ikastaro hauetan parte hartu edo ikastaroei buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek RedTrabaja programak Elgoibarko Udalean duen ordezkariarekin harremanetan jar daitezke. Horretarako, 943 741 050 telefono zenbakira deitu edo redtrabaja@elgoibar.net helbidera mezu bat bidali behar da.

Hona hemen ikastaroen egutegia:
IRAILA (goizez)
  • Irailaren 20tik 24ra (11:00etatik 13:00etara). Alfabetizazio Informatikoa.
  • Irailaren 27tik urriaren 1era (11:00etatik 13:00etara). Internet bidez lana bilatzea: RedTrabaja, Lanbide, e.a.
URRIA (arratsaldez)
  • Urriaren 18tik 22ra (16:00etatik 18:00etara). Alfabetizazio Informatikoa.
  • Urriaren 25etik 29ra (16:00etatik 18:00etara). Internet bidez lana bilatzea: RedTrabaja, Lanbide, e.a.

Ekintzaileentzako gunea
 Ekintzaileei euren proiektuak hasi ahal izateko azpiegiturak eskaintzea da gunearen helburua. Bost bulego jarriko dituzte ekintzaileen eskura Gabriel Krutzelaegi kalean, Lanbideko bulegoen jarraian. Ekintzaileek euren proiektuak aurkeztu beharko dituzte eta guztien artean aukeratzen dituztenei lagako zaizkie bulego horiek, errentan. Guneak 167 metro koadroko azalera izango du eta 160.000 euroko aurrekontua. Elgoibarko Udalak Estatuak konbokatutako Tokian Tokiko Inbertsioen Fondo Estataletara aurkeztu eta onartutako bost proiektuetako bat da ekintzaileentzako gunea.