Gazteria Sailetik kudeatuko dute aurrerantzean Gazte Informazio Bulegoa

elgoibarren.net 2010ko ira. 29a, 12:40

 
Orain arte Elgoibarko Gazte Informazio Gunea Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak kudeatu badu ere, urriaren 1etik aurrera Udalaren ardurapean egongo da zerbitzu honen kudeaketa.

 

  Bere arduran dauden zerbitzuen berregituraketa antolatzen dihardu Udalak, eta, besteak beste, Gazteentzako Informazio Zerbitzua Udalak zuzenean kudeatzea erabaki du. Beraz, aurrerantzean Gazte Informazio Gunea ez du Elgoibarko Izarrak kudeatuko. Ludoteka eta Gaztelekua, berriz, Elgoibarko Izarrak kudeatuko ditu aurrerantzean ere, orain arte moduan.

Zerbitzua etenda urrian
  Ondorioz, Gazte Informazio Zerbitzuak Kultur Etxean duen bulegoa itxi egingo da irailaren 30ean. Zerbitzu hori etenda egongo da urrian, baina azaroan berriro jarriko da martxan. Azarotik aurrera, baina, Gazteria Sailera jo beharko da, gazteria teknikariarengana, GIGeko zerbitzuak jasotzeko. Gazteria Sailaren bulegoa Udaletxean bertan dago.