Mausitxako gazta 10etik gertu

elgoibarren.net 2010ko urr. 4a, 09:36

 
Mausitxako gaztak irabazi du Ordiziako Ardilatxa Gazta Lehiaketan azken hamar urteetan irabazle izandako artzainen arteko Ordizia Txapeldun txapelketaren XXIII. edizioa. Mausitxakoek aurkeztutako gazta 10etik oso gertu geratu da, 9,91 puntu lortu baititu. Hortaz, 8 puntu gainditu dituenez, urrezko gazta saria ere eskuratu du. Mausitxak hiru loterekin hartu du parte eta hirugarren saria ere irabazi egin du.


 Kalitatea izan da aurtengo edizioaren ezaugarri nagusia, izan ere bost gaztagilek aurkeztutako gaztek 10etik 9 puntu baino gehiago lortu dituzte. Hoberenen artean eman den “parekotasuna” azpimarratu du, hain zuzen, Mausitxako Jesus Ansolak. Ildo beretik, azken lehiaketetan eman den kalitate gorakada nabarmendu du Juan Jose Perez de Viñaspre, Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariak eta epaimahaikideak. Gorakada artzainen esfortzuaren eta Idiazabal gaztaren inguruan ari diren guztien elkarlanaren fruitu dela adierazi du honek. Azken urteetan sari asko jaso dituen arren, lanean segitzeko ilusioz jarraitzen duela gaineratu du Ansolak.

 Honako artzainek hartu dute parte Ordizia Txapeldun txapelketan: Jose Ignacio Gonzalez de Heredia (2001eko irabazlea), María Angeles Iñurrategi eta J. Aranburu Elkartea, gaur egun elkarturik, J. Aranburu Elkarte gisa hiru loterekin aurkeztu dira (2002, 2006 eta 2010); Pascual Lopez de Uralde (2003), Angel Errazti Oñaderra (2004), Ricardo Remiro (2008) eta Jesus Ansola (2005, 2007 eta 2009), hiru loterekin.
 
Lotura duten albisteak:
*Argazkia: Ordiziako Udala