Programa horren barruan aurkitzen da Deba Ibaira ematen duten fatxadak eraberritzeko plana; era berean, Etxebizitzak Eraberritzeko Zerbitzu Osoa eskaintzen ere hasiko da Debegesa.
- Urriaren 7tik aurrera, Debegesak, Debabarreneko Hirigintza eta Birgaitze Elkarte bezala, Elgoibarko Udalarekin elkarlanean, Etxebizitzak Birgaitzeko Zerbitzua eskainiko du, doan, udaletxeko hirigintza bulegoan. Eguenero izango da hori, 10:30etik 14:30era. Zerbitzua kalitatezkoa izan dadin, interesatuek aurrez txanda hartu beharko dute honako telefono zenbakira deituta: 943 74 43 84.
Ibaira begira dauden fatxadak eraberritu nahi dituzten bizilagunek bisita tekniko bat eskatu ahal izango dute; horrela, aholkularitza tekniko espezializatua (arkitektoa-arkitekto teknikoa) izango dute egin behar dituzten eraberritze lanetan.
•Abantaila eta diru laguntzen gaineko informazioa
Zerbitzu honen helburua honakoa da: euren etxebizitzak edo etxebizitza-multzoak birgaitzearen abantailen gaineko informazioa eskaintzea herritarrei eta bizilagunen elkarteei; baita birgaitzearekin lotutako diru-laguntza guztien berri ematea ere: Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren laguntzak (Etxebide), Energiaren Euskal Erakundearenak, Gipuzkoako Foru Aldundiarenak (Etxean Programa) eta abar.
Horrez gain, bere etxebizitza edo etxebizitza-multzoa birgaitzeko asmoa duten herritar edo bizilagunen elkarteei Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren (Etxebide) birgaitze espedientea tramitatuko zaie.