Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, eguazten goizaldean, 00:30ak aldera, Ertzaintzaren unitate batek Elgoibarko etxebizitza batera joateko deia jaso zuen, bertan liskar bat gertatzen ari zela-eta. Bertara ailegatzean, ertzainek gizon bat aurkitu zuten etxebizitzaren atarian; odola zerion masail batetik eta emaztearekin eztabaidan ari zela hark jo egin zuela esan zien agenteei, betiere Ertzaintzako iturriek zabaldutako informazioaren arabera.
Emaztea agertu zen gero eta senarrak esandakoa gezurtatu zuen. Bere esanetan, senarraren erasoengandik bere burua defendatu besterik ez zuen egin. Burutik eta belarri batetik odoletan zegoen emakumearen zauriak ikusita, gizona atxilotu egin zuten eta biak osasun-arreta jasotzera eraman zituzten. Atxilotua epailearen aurrera eramango dute ohiko dilijentzia polizialak bukatu bezain laster.