Zapatuan jokatuko da 10 bai pilota txapelketako finala

elgoibarren.net 2010ko urr. 8a, 09:59

 
Txurruka anaiak batetik, eta Karmelek eta Gerrikak osatutako bikotea, bestetik, ailegatu dira 10 Bai esku pilota txapelketaren finalera. Bihar, hilak 9, jokatuko da final Handia, 12:00etatik aurrera, Plaza Handiko frontoian.



Atzo (urriak 7) jokatu zituzten 10 bai txapelketako bi finalerdiak. Karmelek eta Gerrikak 22 eta 17 irabazi zieten Josebari eta Andoniri. Bigarren finalaurrekoan, berriz, Basueta eta Agirrebeña mendean hartu ostean lortu zuten Txurruka anaiek, Iker eta Igorrek, finalerako txartela. Azken emaitza 22 eta 17 izan zen txurrukatarren alde.

Karmel Leon eta Josu Perea, txapelketaren antolatzaileetako bi.

•Txapelketaren balorazio positiboa
  Final handiaren atarian, txapelketaren inguruko balorazio positiboa egin zuten antolatzaileek. Eguraldia lagun izan dute txapelketa osoan zehar, eta herritarrek egin dieten harrera ere primerakoa izan dela nabarmendu dute. Horrek guztiak lanean jarraitzeko indarra eman die.
 Ez daude geldi egoteko, ez, eta dagoeneko hasiak dira pala txapelketa bat antolatzeko lanetan. Era berean, bertso afari bat ere antolatu dute, azaroaren 19rako. Bi helburu nagusirekin sortu zuten 10 bai taldea Elgoibarko hainbat pilotazalek: batetik, esku pilota txapelketak sustatzeko, eta, bestetik, Elgoibarren 10 koadroko frontoi bat behar dela aldarrikatzeko.