Orain gutxi sartu da indarrean 18/2009 Legea, azaroaren 23koa: Trafiko, Motordun Ibilgailuen Zirkulazio eta Bide Segurtasuneko Legea aldatzen duena. Elgoibarko Udalak, hain justu, lege berri horretan oinarritutako trafikoaren ordenantza berria onartu zuen uda hasieran egin zen Osoko Bilkuran. Datorren zapatuan, urriaren 16an, sartuko da indarrean. Besteak beste, isunak gogortu eta garestitu egingo ditu ordenantza berriak. Hona hemen isunen zenbatekoak, orain arte indarrean egon direnekin alderatuta:
Isuna | Orain | Lehen |
Arina | 40 € |
6 € |
Larria | 200 € | 18 € |
Oso larria |
500 € | --- |
%50eko deskontua
Kopuru horiek guztiak %50eko deskontua izango dute hogei egun naturaleko epean ordaintzen badira, jakinarazpen unetik kontatzen hasita. Alegazioak aurkezteko epea ere hogei egun naturalekoa izango da, eta alegazioak ezetsiko balira, isuna %50eko deskontuarekin ordaintzeko aukera galdu egingo da. Azaroaren 25etik aurrera, trafiko gaietarako helbide elektronikoa (posta elektronikoz) jarriko da abian; nahi izanez gero posta helbidearen ordez eman daiteke, arau-hausteak bertara jakinarazteko. Bestalde, isunok, ez dira orain arte moduan udaltzaingoan ordainduko, Kutxaren bitartez baizik.
Horrela bada, bihurguneetan gelditzea edo aparkatzea, elbarrientzako erreserbaturiko aparkalekuetan, bideen elkarguneetan; edota arriskua sortu edo ibilgailuen zein pertsonen zirkulazioa oztopa daitekeen tokietan (esaterako, espaloietan aparkatzea oinezkoen ibilia eragotziz), arau-hauste larriak izango dira eta 200 euroko isuna jasoko dute.
Modu berean, segurtasun elementuak ez erabiltzea (uhala, kaskoa, umeak eramateko sistemak eta bestelako babes elementuak) eta gidatzetrakoan telefono mugikorra, nabigatzaileak, etab. erabiltzea, arau-hauste larriak izango dira, eta horiek ere 200 euroko isuna jasoko dute. Gainera, hiru puntu galduko dira zehapen irmoa denean.