Debabarrenako BTT zentroko ibilbideak ezagutarazteko sortu zuten, iaz, Karakateko mendi bizikleta irteera, eta, parte hartzaileen kopuruari erreparatuz, bistakoa da helburuak betetzen diharduela. Bizkaia, Araba, edota Miranda de Ebrotik etorritako kirolariek batu ziren irteeran, baina, batez ere, Gipuzkoako hainbat txokotatik ailegatu ziren txirrinduzaleak.
Euritsu eta heze esnatu zen Pilarika Eguna, baina eguraldiak ez zuen kirolzaleen grina baretu. Goizeko 9:00ak pasatxo zirenean irten ziren Mintxetan kokatuta dagoen Debabarrenako BTT zentroko harrera gunearen aurretik. Ordu horietan apenas zegoen jenderik kalean, baina horrenbeste lagunek osatutako tropel amaigabea San Roketik behera ikustea ikusgarria izan zen (Ondorengo bideoan ikus dezakezue).
Horrenbeste mendi bizikleta zale batu izanak eragozpen bat edo beste sortu ziela gaineratu du Mugicak. “Batetik, irteera zertxobait atzeratu behar izan genuen, askok azken orduan eman baitzuten izena. Eta, bestetik, ibilbidean zehar jarri genituen bi abituallamentu postuetara ailegatu ziren azkenek ahora eramateko ezer gutxi aurkitu zuten, tamalez. Barkamena eskatu nahi diegu guztiei, eta datorren urtean, aurtengo esperientziaz baliatuz, gauzak hobetzea da gure asmoa”, adierazi du Mugicak. Osterantzean, uste baino lokatza gutxiago topatu zuten parte hartzaileek ibilbidean. Zorionez, aparteko istripurik ere ez zen izan, ohiko erorikoetaz aparte.
Parte hartzaileen gaztetasuna ere nabarmendu dute antolatzaileek. Gisa honetako mendi bizikleta irteeretan 50 bat urtera arteko jendea ibiltzen da normalena, baina, Elgoibarren gazteak ziren nagusi; 40 urtetik beherakoak gehienak. Antolatzaileen ustez, ibilbidearen gogortasunagatik da. Parte hartzaileek bi ibilbide izan zituzten aukeran; 25 kilometroko luzera zuen laburrago bat eta 45 kilometroko beste luzeago bat.
- elgoibar.org web gunean aurkituko duzue argazki gehiago