"It's the economy, stupid" (Inozoa, ekonomia dela!)

elgoibarren.net 2010ko urr. 15a, 10:35

Lelo hori erabili zuen 1992 urtean Bill Clintonek AEBtako presidentetza estreinakoz lortu zuen hauteskundeetan. Bien bitartean, Bush aitak uste zuen Golkoko gerraren bitartez piztuko zuela herritarren nazionalismoa, eta horrela lortuko zuela gehiengoaren atxikimendua. Tokian tokiko hizkuntza komunitateen eskubideak babestu nahi ditugunok Clintonen ikuspegia garatu behar dugu, ekonomiari lehentasuneko lekua eman gure estrategietan.


  Hizkuntza-kudeaketa 30+10 mintegiaren 5.edizioa urriaren 21ean burutuko dela eta, Edurne Bilbaok eta Mikel Urdangarinek gogoeta egin dute, ondorengo iritzi artikuluan, mundu ekononomizistan hizkuntza-kudeaketak bilatu beharreko tokiaren inguruan:

 Ziur gara Clintonen eta Bushen aholkularien artean izango zela soziologia ikasitakoren bat, baina azken horrek ez zituen lehen mailan ikasitakoak errepasatu eta ahaztuta zituen gizarte industrialaren oinarrizko ezaugarriak. Teknologia eta industriaren antolaketa berria, lanaren banaketa, garraioak hobetu eta merkatuen hedadura... garrantzi handiko gakoak izan baziren ere, azken bi mendeetan garatu den gizartearen ezaugarri giltzarria da, pentsamolde ekonomizista hori gizartearen gainontzeko arloetara zabaldu izana. Eraldaketa prozesu batean murgilduta gauden arren, industrializazioko balioek indar handia dute, oraindik ere, gure gizartean. Gizartea eta gizabanakoak bihurtu dira inoiz baino gehiago arrazionaltasuna, kalkulua, ordena, diziplina, ordukotasuna eta arrakastaren zaleak.

Tokian tokiko hizkuntza komunitateen eskubideak babestu nahi ditugunok Clintonen ikuspegia garatu behar dugu, ekonomiari lehentasuneko lekua eman gure estrategietan. Era berean, dagoeneko hizkuntza-kudeaketa enpresetan txertatzearen alde egin dutenek haien taktikak garatzean ere ikuspegi ekonomizistari erreparatu behar diote. Izan ere, egungo gizartean bakarra da jende gehiena mugiarazten duen gakoa: zerbait egin edo ez egitearen irabaziak edo galerak ikustaraztea. Eta bi dira irabazi-galera horietan eragiten duten eragile nagusiak: bezeroaren eta agintarien nahia. Ezinbesteko zaigu horiek nabarmendu eta ikusgarri egitea.

1706639458715 "It's the economy, stupid" (Inozoa, ekonomia dela!)

 Besteak beste, gai garrantzitsu horietaz arituko gara 30+10 Mintegian. Urriaren 21ean, Elgoibarko IMH-Makina Erremintaren Institutuan garatuko den jardunaldi honek bost urte beteko ditu, eta urtean zehar enpresetako hizkuntza-kudeaketan emandako aurrerapausoen berri izateko aukera da. IMH, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Elgoibarko Udala eta Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak aurten antolatutakoan 13 ponentzia aurkeztuko dira, eta Lurdes Auzmendik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak zabalduko du ekitaldia.
 Beste hitzaldiak honako hauek izango dira:
  • Agintariek haien iritziz eta esperientziak azalduko dizkigute. Batetik, Lurdes Auzmendik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, egingo du sarrera-ekitaldia; eta, bestetik, GFAk erabilera sustatzeko programen berri emango du.
  • Enpresei dagokienez, Euskaliteko Galder Lasuenek Bikain ziurtagiriak 3 urtetan egin duen ibilbidearen erradiografia egingo du, eta Danobateko Ainhoa Fernandezek, berriz, hamar urte bete dituen euskara-planarena. CAFeko Joxe Begiristainek ere egindako ibilbidearen emaitza den hizkuntza-politika berria aurkeztuko du, Eroskiko Iratzeder Mendikutek garatu duten adierazle-sistema azalduko du, eta JEZ Sistemas Ferroviarioseko Igor Quincocesek bost hizkuntzatan garatu duten kalitate sistema. Horiekin batera LANGUNE elkartearen aurkezpena egingo du Andoni Sagarnak, hau da hizkuntzen inguruan aritzen diren enpresek sortu duten elkartearen berri emango du.
  • Ikuspegi teorikoari tarte berezia emango diogu aurten, eta denbora gehiago eskainiko. Batetik, EIZIE itzultzaileen elkarteko ItzulBaitako arduradun den Bego Montoriok Eleaniztasuna, Enpresa eta Itzulpenaren arteko loturez arituko da, eta Emun aholkularitzako Joxpi Irastortzak motibazioaren gainean garatu duen doktore-tesia aurkeztuko digu.
  • Horietan gain, beste hiru praktika on ere aurkeztuko dira: AEK eta Maquelsa/Konica Minoltak nola landu duten fotokopiagailuen softwarea euskaraz; IMHn ezarrita dagoen IP telefonia bidezko zerbitzu eleanitza, eta, Lanbide Heziketari leku berezia eginez, Oarsoaldeko Don Boscoko ikasleekin praktikak euskaraz egiteko aurten garatu den proiektuaren emaitzak.
  • Amaitzeko, ia ordubeteko mahai-inguru antolatu da hizlarietako batzuekin, eta borobiltzeko, amaiera ekitaldia eta luntxa Makina Erremintaren museoan.
  Interesa duen orok du aukera aurrez izena emanez gero. Bi aukera: telefonoz, 943744132, eta www.imh.es webaren bidez.
cMintegiaren bosgarren urte honetan esperientziak irakatsi digu enpresako hizkuntza-kudeaketaren inguruan lan egitea egingarria dela, ezagutu ditugun kasuak azaldu digutenari erreparatuz. Beraz, beste egungo AEBko presidentearen hitzak berriro hartuz “yes we can”.

Mikel Urdangarin, IMHko hizkuntza aholkularia (Ahize-AEKko teknikaria)
Edurne Bilbao, IMHko Komunikazio arduraduna eta euskara koordinatzailea