Besteak beste, honako gestioak kontsultatu eta egin ahal izango dira: Biztanleen Udal Errolda (erroldatzeari buruzko datuak eta historia kontsultatu, sinadura elektronikoa duen erroldatze ziurtagiria eskuratu e.a.), Udalaren tasak eta zergak (fakturatzen diren tasak eta zergak, tasari edo zergari buruzko xehetasunak lortu, e.a.), herritarrentzako edo herriko enpresentzako ordainagiriak (ordainagiriaren xehetasuna eta ordainagiriak ordaintzeko aukera, e.a.) herritarrei edo enpresei jarritako isunak (ordainagiriaren xehetasunak kontsultatu, isuna ordaidu, e.a.)
- Tresna berri hau erabili ahal izateko www.elgoibar.org atarian sartu behar da. Atariaren behealdean dago zerbitzu telematikoen lotura, baita eskuinaldeko menuan Udalarentzat gordetako atalean ere.
Udalaren zerbitzu telematiko pertsonalizatuak erabili ahal izateko, identifikazio sistema bat eduki behar da. Horretarako, Izenpek ematen duen ziurtagiri digitala duen txartela erabil daiteke. Txartel hori Euskadiko Administrazioaren zerbitzu telematikoak eskaintzen dituzten erakunde guztietan erabil daiteke. Horretaz gain, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Udalen Zerbitzu Telematikoek propio ematen duten pasahitza erabili ahal izango da. Pasahitz hori honela osatzen da: Erabiltzailearen identifikazioa eta Pasahitza. Inolako identifikaziorik ez duten herritarrek pasahitz bat eska dezakete webgune honetako Zerbitzu Telematikoen atalean datuak sartuz.
•Berrikuntza gehiago datorren urtean
Datorren urtetik aurrera espedienteen jarraipena egin ahal izateko tresna ere jarriko dute martxan Zerbitzu Telematikoen barruan. “Demagun, esaterako, gure etxeko fatxada berritzeko diru laguntza eskaera bat egin dugula. Tresna honekin espediente horren jarraipena egin ahal izango dugu. Espedienteetarako erabiltzen den datu basea ezberdina denez, ezin izan dugu gainerakoekin batera martxan jarri, baina datorren urterako prest egongo da”, adierazi du Alfredo Etxeberria, Elgoibarko alkateak, zerbitzu berriak azaltzeko eman duen prentsaurrekoan.