200 hezitzaile inguru ibili dira Atxutxiamaikan azken 15 urteotan, eta horiekin hezi diren umeen zerrenda amaigabea da. “Ezin izan ditugu denak bideoan sartu, noski, baina egungo hezitzaile, hezitzaile izandakoen, ume, ume izandakoen zein gurasoen iritziak eta esperientziak jaso ditugu bertan", adierazi du Naiara Martinek, Atxutxiamaikako koordinatzaileak. Horien berbak azken 15 urteotako makina bat argazkirekin jantzi dituzte.
Atxutxiamaika nola sortu zen eta gaur egun arte izan duen bilakaera azaltzen dute, besteak beste, bideoan parte hartu duten lagun guzti horiek. "Hiru galdera egin genizkien: zer izan da zuretzako Atxutxiamaika; Zer da gaur egun?; eta, akorduan geratu zaien une, detaile edo zera hori gurekin partekatzeko eskatu genien”, azaldu du Martinek.
- Informazio gehiago: BARRENeko 756. aleko erreportajean (PDF)
•Lehengoen eta oraingoen festa
Atxutxiamaikatik pasa direnak eta egun daudenak batu nahi izan zituzten gaur egungo arduradunek joan den zapatuan egin zuten festan. Ginkana eta lagunarteko bazkarian 100 bat lagun inguruk parte hartu zuten eta erromeriara “dexente gehiago” hurbildu zirela dio Naiara Martinek. Eguraldiak gehiegi lagundu ez zuen arren, egun ederra pasatu zutela azaldu du. Bide batez, Gazte Asanbladako kideak eskertu nahi izan ditu bazkaria prestatzen eta zerbitzatzen egindako lanagatik, eta egun horretan eskainitako laguntza guztiagatik.