Elgoibarren arauzko frontoi bat egiteko aukerak aztertzen ari da Udala

elgoibarren.net 2010ko urr. 21a, 10:19

Arauzko baldintzak beteko dituen frontoi berri bat eraikitzeko azken aldian egin diren eskaerekin bat egin dute udal agintariek, eta aukera ezberdinak aztertzen ari direla azaldu dute. Alabaina, Alfredo Etxeberria alkatearen esanetan, bi arazo nagusi daude gai horretan: Batetik, epeak aipatu ditu, eta beharra egon arren, krisi egoera ekonomikoan, frontoia ez dela “lehentasunezko” kontua esan du. Bestetik, kokapenaren arazoa azaldu du, Elgoibarren dimentsio horretako frontoia egiteko lekua bilatzeko zailtasunak daudelako, alegia.


 Lagunak Pilota Eskolaren aspaldiko eskaera da arauzko frontoi berri baten beharra. Eta, aldarrikapen horrekin bat egin du, orain gutxi, 10 bai pilota taldeak ere. Azken horiek komunikabideetan zabaldu duten informazioa osatu eta gai honen inguruan duten iritzia azaldu nahi izan dute Udaleko eta Kirol Patronatuko arduradunek. “Bat egiten dugu euren eskaerarekin, arauzko frontoi bat eraikitzeko beharrarekin, alegia, baina kokapenean, eta batez ere, epeetan dago arazo nagusia”, adierazi du alkateak.

 Alfredo Etxeberriak jakinarazi duenez, frontoiaren gaia aztertzeko behin baino gehiagotan batzartu dira, legegintzaldi honetan, Lagunak taldekoekin. “Batzar horietan euren eskaerarekin, arauzko frontoi estali baten beharrarekin, bat egiten dugula esan diegu, Ikastolako frontoiak ez ditu-eta eskaintzen kirol mailan lehiakorrak izan ahal izateko gutxieneko baldintzak”.

1706639433719 Elgoibarren arauzko frontoi bat egiteko aukerak aztertzen ari da Udala

 Orain gutxi sortu den 10 bai pilota taldeak ere Lagunak taldekoen aldarrikapenekin bat egin du. “10 baikoekin ere birritan batzartu gara irailean. Gustura gaude elkarrizketon emaitzarekin. Ados gaude frontoi berriak izan beharko lituzkeen neurriekin eta kokapenarekin, baina zehaztu ezin izan duguna frontoia egiteko epeak izan dira”, esan du Etxeberriak.
 Udala eta Kirol Patronatua, herriko kirol taldeekin eta Kiroldegiko zein Mintxetako erabiltzaileekin elkarlanean herriko kirol ekipamenduak berritzeko azterketa egiten ari dira azken hilabeteetan. Hurrengo bilera azaroan egingo dutela aurreratu du alkateak. Bilera horretara 10 bai taldekoak gonbidatuko dituztela hitzeman du. "Frontoi berriarena moduko eskaerak aztertzeko gune aproposena dela uste dugu".

  Bestalde, aldarrikapen helburuekin izan arren, 10 bai taldekoek pilotaren inguruko ekintzak antolatzeko erakutsi duten prestutasuna zoriondu nahi izan du alkateak. Arauzko frontoirik ez eduki arren horrelako txapelketa eta ekintzak antolatzea posible dela erakutsi dute. Hala ere, helburua beste bat balitz, eta aldarrikapen horrek jarraikortasuna izango balu, “pilota eskolaren kasuan moduan”, aldarrikapena “justifikatuko” lukeela uste du.

Lotura duten albisteak: