Kultur Etxeko hitzaldi-gela bete-beteta zegoela ekin genion aurtengo Euskara ala ezkara hitzaldi-zikloari. Andoni Egaña bertsolaria izan zen gonbidatua, eta Uxue Alberdik egin zituen zarauztarraren gaineko aurkezpen-lanak.
“Andoni Egaña Makazaga. 1961eko urriaren 2an jaio zen Zarautzen. 1980 eta 1982ko bertsolari txapelketetan, batez ere, Xabier Amuriza bertsotan entzunda sartu zitzaion Andoniri bertsotarako grina. 1982an debutatu zuen, jaioterrian bertan, Lizardi Sarian. Debutatu eta irabazi. Handik lau urtera, 1986an, Euskal Herriko txapelketako finalean sartu zen. 1989an ere finalean izan zen, eta 1993an, 1997an, 2001ean eta 2005ean txapeldun izan zen, Maialen Lujanbiok ez dela garaiezina erakutsi duen arte”.
Aurkezpenaren ondoren, hitzaldi-elkarrizketari ekin zioten Uxuek eta Andonik. Uxuek argitu zuen moduan, “jendaurrean Andonik eta biok berbetan jarduten dugun estreinako aldia da; orain arte beti jardun dugu bertsotan, eta ez dakit zelan irtengo den gaurkoa”. Bertsotan ez ezik, berbetan ere ondo moldatzen dira biak ala biak.
Bertsogintzaren inguruko galdera batekin hasi zen Uxue. Artearen, kirolaren eta herrigintzaren artean, bertsogintza non kokatzen duen galdetu zion Andoniri. Egañak artisautzan kokatzen du bertsolaritza. Haren esanetan, egin, egin eta egin da bertsolaritza, eta ahal den txukunen egitea da helburua. Andoniren iritziz, produkzioa da oinarria, eta zera gehitu zuen: “Prekarioan onak gara; gutxirekin asko egiten dugu. Hori bai, ez dakit askorekin izugarri egiten asmatuko genukeen”. Zarauztarrak artisautzarekin lotzen du bertsolaritza, “baina arte mailako aleak ere botatzen ditugu noizean behin”.
Uxuek jarritako bigarren puntua, Egañak bertsotan izan duen eboluzioaren edo garapenaren gainekoa izan zen; bertsotan izan duen eboluzioa deskribatzeko esan zion. Haren bertsokera zertan eta zergatik aldatu den. “Gauzak kontziente ez garela egiten ditugula uste dut. Neurri handi batean publikoak eramaten gaitu hara eta hona. Gu aldatu gara, bai, baina publikoa ere asko aldatu da. Lehen publiko zaharragoa zen, gizonezkoak ziren nagusi. Oraingo publikoak, berriz, ez dauka zer ikusirik ordukoarekin”. Bertsotan hasi zenean urduritasuna omen zen nagusi bere barnean; estimuluak asko ziren. 28 urtez bertsotan jardun ondoren, bai urduritasuna eta baita estimuluak ere jaitsi egin zaizkio, eta esperientzia da 28 urteotan jaso duena. Ate hau ixteko, perlatxo hau ere bota zuen: “Bertsolariok ahal duguna egin eta esaten dugu, nahi duguna esatea oso zaila da-eta”.
28 urtean bertsolaritzaren “elitean” egotea zelan lortu duen galdetu zionean Uxuek, zera erantzun zion Andonik: “Txapelketei lotuta dago nire iraupena”. Urte askoan izan da txapelduna, eta, bere ustez, horrek lagundu dio zirkuituan eta elitean mantentzen.
1982tik gaur arte belaunaldi diferentetako bertsolariekin jardun du kantuan Andonik, baina naturaltasunez eraman du beti “belaunaldi artekotasuna”. Haren esanetan, beste ofizioetan oso zaila da 20 eta 70 urtekoak elkarrekin eta nahasian ikustea, baina bertsolaritzak hori ere badauka. Eta zera erantsi zuen: “Bertsolarien artean igurtzi handia dago, eta adina ez da horretarako oztopo. Gainera, beti egon naiz gazteen artean, eta belarriak adi-adi izaten ditut”. Arrasto berari segituz, kameleoia zela esan zion Uxuek Andoniri. Ia 50 urte izan arren, ondo konpontzen dela gaztetxe batean kantatu behar duenean; eta, adibidez, instituzioren batetik deitzen diotenean ere, berdin-berdin moldatzen dela han. Andoniren esanetan, izaera kontua da. Eta, gainera, esan zuen ikasi ere egiten dela batean eta bestean ondo moldatzen. Hori bai, leku diferenteetara egokitzeko jarrera positiboa izan behar dela esan zigun: “Jarrera kontua da. Zoazen tokira zoazela, ondo pasatzeko prest egon behar duzu; baikor joan behar duzu. Nik ere askotan izaten dut pereza puntu bat, baina jarrera baikorrarekin irten behar duzu etxetik”.
Belaunaldien arteko kontuekin segituz, Andoniren belaunalditik oraingora zer aldatu den galdetu zion Uxuek. Bitxia izan zen, oso, Andoniren erantzuna: “Ordutik honako aldaketa handiena zutik poteatzea izan da. Bai, hasieran bertso saioak amaitu ondoren soziedaderen batera joaten ginen, eta orduak ematen genituen eserita honetaz eta hartaz hitz egiten. Edaten genuen, baina eserita. Gerora, berriz, saioen ondoren tabernaz taberna poteatzen hasi ginen, eta horrek beste aukera batzuk eskaintzen dizkizu. Eserita egotea gustatzen zait, baina beti eserita egotea ez”.
Andoniren ustez, haien belaunaldiaren misioa edo helburu nagusia bertsolaritza zabaltzea izan zen. “Ez zegoen argi etorkizunean bertsolaritzarik egongo zen ere, eta bertsolaritza ahal genuen toki guztietara zabaltzen jardun genuen. Hedabideetan presente egon nahi genuen; jaialdiak antolatzen laguntzen genuen; bertso-eskoletan lanean; irakaskuntzan bertsogintza sartzeko hamaika lan egin genuen ...”. Orain, berriz, oskarbi ikusten du bertsolaritzaren etorkizuna. Orduko kezkak desagertu dira Egañaren burutik, eta gaurko belaunaldien zeregina bestelakoa dela irizten dio: “Gure zeregina laburbiltzen zuen hitza ´zabaldu´ izan bazen, oraingoena ´sakondu´ dela esango nuke. Izan ere, garena baino gehiago ezin gara izan”.
Bertsolaritzari lotutako sekretu bat ere bistaratu zigun Uxuek: Consejo de sabios delako bat omen dago bertsolaritzan, noizean behin biltzen dena. Zeintzuk biltzen diren eta zertaz hitz egiten duten galdetu zion Andoniri: “Biltzen gara, bai, noizean behin, baina ez da Consejo de Sabios, Consejo de ancianos baizik”. Andoni bera, Iñaki Murua, Jon Sarasua eta beste batzuk elkartzen dira, eta, Andoniren esanetan, bertsolaritzaren egoera eta ikuskera lantzen dituzte, besteak beste. Hori bai, garbi laga nahi izan zigun kontseilu horrek ez duela erabakitzeko ahalmenik. Azken batzarretako kezka zein izan den galdetuta, kezkatzeko motiborik ez dagoela izan zen Andoniren erantzuna: ”Gauzak ondo doaz, eta lasaitasuna izan da azken batzarretako mezu nagusia”.
Bertsogintzari lotutako atalarekin amaitzeko, Andoni Egañak bertsolaritzari egin dio ekarpenik handiena aitortzeko eskatu zion Alberdik: “Duela 19 urte erabaki nuen bertsotara bakarrik dedikatzea. Funtzionarioa nintzen, eta hura dena laga eta bertsotara bakarrik dedikatu nahi nuela erabakitzea gogorra izan zen. Erabaki potoloa izan zen, nire amarentzat, batez ere. Harrez gero, beste bertsolari batzuk ere hartu dute bide hori, eta, beharbada, hori izan da nik bertsolaritzari egin diodan ekarpenik garrantzitsuena”.
Elkarrizketaren amaierarako laga zituen Uxuek bertsolari bizimoduari lotutako kontuak, eta bertsotan hasi zenetik une txarrik, porrotik edo krisirik bizi izan duen galdetu zion. Andoniren erantzuna borobila izan zen: “Ez, ez dut horrelako une txarrik edo krisirik bizi izan, baina nahiago nuke zure galderaren erantzuna baiezkoa balitz. Dena presakaegi gertatu zait, azkarregi. Hasieran, adibidez, bertsotan hasi eta lau urtera Euskal Herriko finalean nengoen”. Dena azkar pasa bada ere, ez du inoiz bere burua itota ikusi. Lanpetuta hitza bere hiztegitik kanpo dagoela ere esan zigun: “Ez naiz sekula lanpetuta egon. Bertsogintza neuk aukeratu dut, eta atsegin dut. Nire kasuan, nekea eta zoriona eskutik helduta datoz”.
Elkarrizketa amaitzeko, bertsolaritza ofizioa baino gehiago dela esan zigun Andonik: “Bertsolaritza bizitzeko modua da niretzat; munduaren aurrean jartzeko modua. Bertsolaritzak pentsatzen dudana esateko aukera ematen dit. Bertsolaritzak bidaiatzeko aukera ematen dit; ez naiz Seychelles irletara joango, baina Barrikara, Urepelera edo Tuterara joateko aukera emango dit. Eta, gainera, jende asko ezagutzeko beta ere badaukat, eta nire bertsogintzarekin jende hori emozionatu ahal dut”. Ez da gutxi bertsolaritzak ematen duena, ezta?
Ordubete pasa isildu gabe jardun ondoren, galderak egiteko aukera zabaldu zuen Uxuek. Ahotsaren garrantziaz, bertsolaritzan umoreak betetzen duen funtzioaz, edo Andoni bertsolariaren etorkizunaren gaineko galderak entzun ziren jende artean. Hauei denei erantzun ondoren eman genion amaiera hitzaldiari. Andoniri eskerrak eman eta hurrengora arte esan ondoren, Anjel Lertxundiren bisitaren zain geratu ginen. Bera izango da Euskara ala ezkara hitzaldi-zikloko bigarren gonbidatua. Urriaren 27an etorriko da gurera.