Arrautza berdeak egiten dituen oiloa

elgoibarren.net 2010ko urr. 21a, 15:16

Francisco Gallardok eta Manoli Bolañosek, merkatu plazara eguenero etortzen diren saltzaileek, BARRENeko erredakziora ekarri duten berde koloreko arrautzak zeresana sortu du gainerako saltzaile eta erosleen artean. Oiloak hazten makina bat urte daramatzaten arren, sekula ez dutela horrelakorik ikusi diote.

 
 Zumarraga bizi dira Francisco Gallardo eta Manoli Bolaños, baina azken 42 urteetan merkatu plazara etorri izan dira barazkiak (berakatzak eta meloiak, batez ere) saltzera. Arrautzarik ez dute saltzen, baina euren oilategiko oilo bat arrautza berdexkak erruten hasi dela-eta harrituta daude, oso, eta ale batzuk ekarri dituzte lagun eta ezagunei erakusteko. “Oilo zurixka bat daukagu berde koloreko arrautzak erruten dizkiguna. Harrituta gaude”. Ezohiko koloreaz aparte arrautza normalak direla diote. “Jan ditugunean behintzat ez diegu bestelako zaporerik antzeman”, azaldu du Manoli Bolañosek. Arrautzok ez dira australiar jatorriko Emu izeneko hegaztiek erruten dituztenak bezain berdeak, -berde ilun kolorekoak dira haiek, baina badute traza bat, argazkietan ikus daitekeen moduan.
•Argazkiak:

1706639432035 Arrautza berdeak egiten dituen oiloa

1706639432112 Arrautza berdeak egiten dituen oiloa