"Hizkuntza normalkuntza kontsentsutik soilik etorriko da, eta inoiz ez inposiziotik"

elgoibarren.net 2010ko urr. 22a, 13:42

 
Lurdes Auzmendi, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikorako sailburuordeak, 30+10 Mintegiaren barruan egin zituen adierazpenetako batzuk dira izenburukoak. Jardunaldiaren gaiari –hizkuntza kudeaketa enpresatan- helduz, bestalde, hizkuntzaren eta enpresaren arteko loturan dagoela gure elebitasunaren eta eleaniztasunaren “gune estrategikoetako bat” nabarmendu zuen Auzmendik.


Hitzaldia hasteko, IMH-ren eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren artean harreman sendoak egon direla aipatu eta harreman horiei eusteko borondatea azaldu zuen Lurdes Auzmendik: "IMH eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren arteko lankidetza protokoloa eguneratzeko lanak abian dira eta esango nuke aurki izango dugula aukera protokoloa berritzeko, legegintzaldi honen bukaera arte behintzat".

LanHitz, Bikain eta kontsumitzaileen dekretua
  Jardunaldiaren gaiari heldu zion jarraian Auzmendik. "Hizkuntzaren eta enpresaren arteko loturan dago gure elebitasunaren eta eleaniztasunaren gune estrategikoetako bat", eta mintzaldian garatuko zituen hiru ardatzak zerrendatu zituen: LanHitz izeneko diru-laguntza; Bikain ziurtagiriaren egitura eta bilakaera; eta, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua.

  Auzmendik gogoratu zuen euskara planak diseinatzeko eta horiek urtero garatzeko sortu zela LanHitz eta dagoeneko 175 bat enpresa direla modu eraginkorrean diru-laguntza horien onuradun direnak: "Horietako enpresa askok euskal ekonomian eragin handia dute, eta alde horretatik, haien ereduak -elebitasun kudeaketari dagokionez- efektu biderkatzailea izan dezake". Aurten 200.000 euroko gehigarria bideratu da eta datorren urteari begira aurten gehitutakoa mantentzeko borondate osoa du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, eta horrela islatuko da 2011ko aurrekontuen proposamenean: "Horien arabera, beste diru-laguntzen ondoan Lanhitz izango da mozketarik nozituko ez duen diru-laguntza bakarra”.

  Bikaini dagokionez, Auzmendik esan zuen ziurtagiriaren ibilbide oraingoz laburrean 74 izan direla oraingoz eman diren ziurtagiriak eta gaineratu zuen ziurtagiri-sistemaren bikoizketa saihestu egin beharko litzatekeela: "Gure herri batzuetan bitxi honetan bada deigarri egiten den eta saihestu beharko litzatekeen bikoizketa moduko bat. Hemen bi ziurtagiri-sistema ditugu eta akabuan zaila da ulertzen zergatik eduki behar ditugun bi sistema paralelo. Horregatik Sailburuordetza honen asmoa da sistema biak egitura koherente eta bakar batera eramatea".

  Azkenik, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretuaren gainean, aipatu zuen Eusko Jaurlaritzak ez duela inolako asmorik euskara ez erabiltzeagatik enpresa bati isuna jartzeko eta, beraz, dekretua berregingo duela: "Hizkuntza normalkuntza kontsentsutik soilik etorriko da, eta inoiz ez inposiziotik".
 
*Iturria: erabili.com