Ainara Ladroni elkartasuna adierazi diote asteburuan

elgoibarren.net 2010ko urr. 25a, 11:06

Espainiako Poliziak, Segi berriz osatu nahi izatea leporatuta, atxilotu zituen 14 gazteei -tartean Ainara Ladron elgoibartarra- elkartasuna adierazteko manifestazioa egin zuten. Deitzaileen arabera, 260 lagun inguruk parte hartu zuten, inolako arazorik gabe joan den barixakuan egin zen manifestazioan.


 Manifestazioa hasi aurretik egin zuten agerraldian, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko bi kidek hartu zuten hitza Ainara Ladronen senide baten laguntzaz. Atxilotuei, senideei eta gertukoei elkartasuna adierazi, eta Ladroni gerta dakionarekin, “batez ere datozen bost egunetan” oso kezkatuta daudela adierazi zuten: “Are gehiago azken atxilotuek eginiko testigantzak entzun eta gero”. Polizia operazio honek ezker abertzalea jarraitzen ari den “bidea oztopatzeko” asmo garbia duela gaineratu zuten. Agerraldiaren ostean, manifestazioa egin zuten herriko kaleetan.

1706639429555 Ainara Ladroni elkartasuna adierazi diote asteburuan

1706639429635 Ainara Ladroni elkartasuna adierazi diote asteburuan


Ainara Ladronen atxiloketa
 Ezker abertzaleko iturriek jakinarazitakoaren arabera, Edu Castilloren etxean zegoela atxilotu zuten Ainara Ladron, joan den barixakuan, 12:30ak inguruan. Handik, bere etxera eraman zuten. Bizpahiru orduz eduki zuen poliziak Ladron bere etxean, 17:00ak aldean, Kimetz elkartera lekuz aldatu zuten arte. Goizaldeko 01:00ak arte eduki zuten atxilotua Kimetz elkartean. Miaketa amaitutakoan, hainbat material eraman zutela poltsa eta kaxetan adierazi dute lekukoek. Miaketak iraun zuen bitartean, elkartean kanpoaldean, Espainiako Polizia eta Ertzaintzako agenteekin tentsio uneak bizi izan zirela nabarmendu dute, “hiru identifikazio egin zituzten eta kolpe batzuk ere jaso genituen”. Kimetzetik Edu Castilloren etxera eraman zuten, berriz ere, Ladron. Ezker abertzaleko iturriek adierazi dutenez, eguerdiko 12:30etik, goizaldeko 01:30ak arte bere etxean “bahituta” eduki zuen poliziak Edu Castillo. Castilloren etxetik Eibarko Arrano elkartera eraman zuten Ladron, eta goizaldeko 8:00ak arte eduki zuten bertan. Handik, azkenik, Madrilera eraman zuten. 

1706639429714 Ainara Ladroni elkartasuna adierazi diote asteburuan

1706639429779 Ainara Ladroni elkartasuna adierazi diote asteburuan

1706639429815 Ainara Ladroni elkartasuna adierazi diote asteburuan