Berbazulo: izen berria, izaera bera

elgoibarren.net 2010ko urr. 25a, 13:25

 
Elgoibarko Izarrak, Udalaren laguntzaz, Euskara Errefortzuak egitasmoa jarri du martxan, bederatzigarren urtez jarraian. Aurten, baina, izen berria estreinatu dute: Berbazulo. Helburuek eta izaerak, ordea, bere horretan diraute: euskaraz hitz egiteko zailtasunak dituzten haurrei, eta euskaraz ez dakiten haur eta gaztetxoei laguntzea.



 Ikasturte osoan zehar arituko dira, astean bi orduz, Herri Eskolako eta Elgoibar Ikastolako ikasleekin eskola orduak bukatu ondoren. Oraingoz, ikasturte honetan hiru talde ezberdinetan arituko diren 5-9 urte bitarteko 23 haur daude izena emanda. Saioak metodologia ludiko baten bidez antolatzen dituzte: ipuinak, antzerkiak, jolasak, abestiak, e.a. Eta horrela, euskaraz berba egiteko erraztasuna lortzen laguntzen diete haurrei. Hizkuntzaren ikasketa prozesuan bultzada bat emateaz gain, erabileran eragitea dute helburu. Hizkuntzaren ikaskuntzarekin erabat lotuta kultura eta ohituren ezagutza, eta ikasketa, ere lantzen dute.
  • Izena emateko: Ikasturtean zehar aukera izango du nahi duen orok Berbazulon izena emateko. Horretarako Elgoibarko Izarrako Kultur elkarteko bulegotik pasa edo telefono honetara deitu dezake. 943 741 626 (Idoia)