Karenatuen diseinuari buruzko ikastaro berritzailea Meka Albitxurin

elgoibarren.net 2010ko urr. 26a, 12:03

 
Erreminta makinaren sektorean garrantzi handia hartu duen karenatuen diseinuan trebatzeko ikastaro berritzailea eskaintzen ari da Meka Albitxuri zentroa Kalman, Ibarmia, Pixel Sistemas, TresD eta Danobat enpresen parte hartzearekin. Orain arte ez zegoen horrelako eskaintzarik inon.




 Karenatuan erreferentzia izateko asmoarekin sortu zuten, besteak beste, Meka Albitxuri lanbide heziketa zentroa, eta hasi da helburuotara ailegatzeko lehen aurrera pausuak ematen.“Karenatua, makina janzten duen kanpoaldeko xasis modukoa da”, azaldu du Asun Larrañaga, Mekako zuzendariak. “Orain arte hala izan ez bada ere, langilea babesteko funtzioaz gainera, garrantzi handia hartu du makinen kanpoaldeko itxurak, estetikak, erreminta makinaren sektorean. Hala izanik ere, irakaskuntzan hutsune bat zegoela ohartu ginen. Alegia, ez zegoela karenatuen diseinua irakasteko goi mailako ikasketarik; historikoki enpresa barruan trebatu baitira karenatuaz arduratu izan diren langileak. Hortaz, eta enpresek eginiko eskaerari erantzunez, sortu dugu karenatuen diseinuari buruzko ikastaroa”.
 Goi mailako lanbide heziketa ikasketak dituzten 13 lagun ari dira ikastaroa egiten. 400 orduko formazioa jasoko dute horiek. Master baten pareko maila izango du ikastaroak eta karenatuen diseinuan aritzen diren Kalman, Ibarmia, Pixel Sistemas eta TresD enpresetako adituek parte hartu dute ikastaroaren diseinuan, euren enpresetan lan egiteko gai izango diren langileak trebatu nahi baitituzte.

Karenatu ikastaroko sustatzaileak Meka Albitxurin.

13 ikasle ari dira karenatu diseinatzaile ikastaroa egiten.

 Karenatuak funtzio garrantzitsua betetzen duela gaur egun uste du Josu Unzaga, TresD enpresako ordezkariak: “Enpresak zer egiten duen eta zer egin nahi duen jakinarazten digu karenatuak, diseinatzaileen artean ulergarria den nazioarteko hizkuntzan. Karenatua ondo egina badago enpresa serioa garela, konpetitiboak, eta onenen pare egon nahi dugula esan dezake gugatik. Beste merkatu batzuetan sartu ahal izateko gure aurkezpen modukoa ere bada”.
 Amadeo Corriusek, Pixel Sistemas enpresako zuzendari gerenteak, ikasleek 3D tresnak menderatzeak karenatuen diseinuan daukan garrantzia azpimarratu du. “Izan ere, lantoki ilunekin erlazionatu da orain arte karenatua, baina gero eta gehiago erabiltzen dira teknologia berriak alor honetan ere”.
 Jesus Mari Astigarragak, taldeko presidenteak, Danobat Taldearen izenean berba egin zuen ikastaroaren aurkezpenean. “Karenatuak makinaren atzean dagoenaren inguruko informazio handia ematen digu. Produktu teknologiko bat baino zerbait gehiago erakusten diegu fabrikatzaileok erosleari, harrotasunez betetzen gaituen produktu bat. Orain dela hogei urte ez zen karenatua existitzen, barrukoari bakarrik begiratzen genion-eta. Gaur egun gure produktua aberasten duen balio erantsi bat da”.
 
Meka Albitxuri lan betean

1706639428446 Karenatuen diseinuari buruzko ikastaro berritzailea Meka Albitxurin

Meka Albitxuri zentroa “lan betean” funtzionatzen ari dela azaldu zuen Asun Larrañagak Karenatu ikastaroaren aurkezpenean: “Bilakaera handia izan dugu ateak zabaldu genituenetik hona, orain urtebete eskas. Hezkuntz eskaintzak eta ikasle zein irakasle kopuruak nabarmen egin dute gora”. 2008-2009 ikasturtean 226 ikasle zituen Mekak eta gaur egun 481 ikasle daude Meka Ezenarrokoak eta Meka Albitxurikoak batuta. Hezkuntz eskaintza handitu izanaz ere harro agertu zen Mekako zuzendaria. “bederatzi ziklo eskaintzen ditugu orain, 2008an baino hiru gehiago”.
 Honako hauek dira erdi mailako zikloak: Erizaintzako zaintza osagarriak, Arreta Soziosanitarioa, Administraritzako Kudeaketa, Ibilgailuen elekromekanika, Karrozeria, Soldadura eta Galdaragintza. Goi mailako zikloak, berriz, honakoak dira: Haur Hezkuntza, Administrazioa eta Finantzak eta Automozioa.