Anjel Lertxundiren hitzaldia izango da gaur, Kultur Etxean: “Euskara, nire errepublika”

elgoibarren.net 2010ko urr. 27a, 07:18

 
Gaur izango da Euskara ala ezkara hitzaldi-zikloaren bigarren emanaldia. Eta Kultur Etxeko hitzaldi-gelan izango den gonbidatua, gainera, ez da nolanahikoa izango: Anjel Lertxundi. Orion jaiotako idazle eta zutabegile ezagunaren hitzaldiak honako izenburua izango du: “Euskara, nire errepublika”.


 Hona Anjel Lertxundik gaur emango duen hitzaldiaren muina azaltzeko eskatu diogunean esan diguna: “Askok esaten dute: nire aberria  hizkuntza da, nire aberria haurtzaroa da, edota nire aberria zazpi lurraldeak dira. Nik ez dut esango nire aberria euskara denik, ez delako. Izan ere, zein den ere ez baitakit. Hala ere, hitz jokoa egin nahi izan dut horrekin. Beste aldetik, errepublika da sistema zibil potenteena, denok berdin egiten gaituena, eta nahi nuke euskararen onarpena eta gure arteko elkarbizitza forma zibil horretatik etortzea”.

 Hitzaldia Kultur Etxeko hitzaldi-gelan izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita. BARRENeko kazetaria den Ainara Argoitiak egingo ditu Lertxundiren aurkezpen-lanak. Euskara ala ezkara hitzaldi-zikloa Elgoibarko Izarrak eta Udalak antolatu dute elkarlanean, eta Danobatek eta Kutxak babesten dute.
•Hitzaldia zuzenean
Okerrik ez bada, Lertxundiren hitzaldia zuzenean emango dugu www.elgoiBARREN.net atari digitalean.

Hurrengo gonbidatua:
Hitzaldi-zikloko hirugarren eta azken gonbidatua Anari kantaria izango da:
  • Azaroak 3, asteazkena: Anari (hitzaldi-kontzertua): “Kantuaren gainean, eta...azpian
  • Aurkezpen-lanak: Jon Gurrutxaga.