Segiren zuzendaritza berriz osatzea leporatuta atxilotutako hamalau gazteetatik hamahiru kartzelara bidali ditu Auzitegi Nazionaleko epaileak. Atxilotuetako lau astelehenean bidali zituen espetxera. Gainerako hamarrak, Ainara Ladron tartean, atzo (urriak 26) igaro ziren Grande-Marlaska epailearen aurretik eta bederatzi atxilotzeko agindua eman zuen, Vicente Gonzalez Mora fiskalaren eskaerarekin bat eginez. Bartzelonan atxilotu zuten Marina Sagastizabal, berriz, baldintzapean aske uzteko aukera eman zuen, 10.000 euroko bermea ordainduz gero.
Ainara Ladron eta Julen Zuaznabar Gipuzkoako Segiko arduradunak direla dio Grande-Marlaska epaileak argitara eman duen prozesatzeko autoak. Epaileak, gainera, “ETAren planteamendu erradikalenekin erabat bat egiten duen egitura bakartzat" jo du Segi auto horretan.
Bestalde, Grande-Marlaskak herenegun espetxera bidali zituen lau gazteek, Espainiako Poliziaren esku inkomunikatuta egon diren bost egunetan, tratu txarrak salatu dituztela jakinarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.
Azken egunetan moduan, Ainara Ladroni eta gainerako atxilotuei elkartasuna adierazteko manifestazioa egingo dute gaur, 19:30etik aurrera, herriko kaleetan.
∞Lotura duten albisteak:
- Ainara Ladron atxilotu du Espainiako Poliziak (2010-10-22)
- Ainara Ladroni elkartasuna adierazi diote asteburuan (2010-10-25)