Sare Gurrutxaga: “Eskaladarekin gozatzea da nire helburua”

elgoibarren.net 2010ko urr. 29a, 09:55

Sare Gurrutxaga orain dela lau urte lotu zitzaion eskaladari. Azpeitiko harrobian egin zuen estreinako ekinaldia, eta orain, ahal duen oro joaten da eskalatzera. Eta ez edonora, gainera: Azken bi urteotan Kaliforniako eta Hego Afrikako haitzetatik zintzilikatuta pasatu ditu udako oporrak. Lagunak, bikotekidea eta askoz gehiago eman dio eskaladak.

 

Noiz eta nola hasi zinen eskalatzen?
Atzo hasi nintzela dirudi, baina lehenengo aldiz arnes bat jantzi nuenetik lau urte pasatu dira dagoeneko. Lagun batek animatuta probatu nuen eskalada, baina egun hartan surfa egiten zuen lagun bat ezagutu izan banu, gaur, akaso, surfa egingo nuke! Orain dela bost urte ez nukeen pentsatuko gaur eskalatzen jardungo nuenik. Beti esaten dut berandu hasi naizela eskalatzen, baina betidanik izan naiz kirolzalea. Azpeitiko harrobian izan zen nire estreinako aldia. Horma baten azpian jarri nintzen, eta goraino igotzea lortu nuen. Liluratuta geratu nintzen, eta lehenengo egunetik harrapatu ninduen eskaladak. Eskalatzeko ideiarik ere ez neukan, korapiloak egiten ere ez nekien, baina uste baino hobeto moldatu nintzen. Horrek aurrera jarraitzeko gogoa eman zidan. Hala ere, lehenengo urte hartan ez nuen asko eskalatu, baina azken hiru urteotan, nire denbora librearen zati handiena eskalatzeari eskaintzen diot. Hori da nire zaletasuna. Eskalatzea eta horrek bere inguruan daukan guztia gustatzen zait. Kirola naturan egiteko aukera ematen du, eta gainera, lagun artean.

Nola hartu zuten etxean zure afizio berria?

1706639403426 Sare Gurrutxaga: “Eskaladarekin gozatzea da nire helburua”

1706639403532 Sare Gurrutxaga: “Eskaladarekin gozatzea da nire helburua”

Hasieran oso gaizki, aitak batez ere. Eskalada arriskuarekin lotzen zuten, eta ez zuten ulertzen kirol bat zenik. Aitak behin baino gehiagotan esan zidan Zumaiko arraun taldean jendea behar zutela eta hobe nuela bertan izena ematea! Amak hobeto ulertzen ninduen, baina beti esaten zidan kontuz ibiltzeko. Denborarekin ohitu egin dira, eta orain ez didate galdetzen asteburuan zer egin behar dudan, nora joango naizen baizik.

Neska gutxi dabiltza eskalatzen. Oraindik ere neska eta mutilen kirolak bereizten direla uste duzu?
Oraindik neska gutxik eskalatzen dugu, baina gero eta gehiago gara. Neskak eskalatzen ikustean izugarri pozten naiz. Neska askok indarrarekin lotzen dute eskalada, baina hori baino askoz gehiago da. Indarra beharrezkoa da, baina hori landu egin daiteke. Teknika, psikologikoki burua hotz edukitzea, elastikotasuna... dena da beharrezkoa, eta neskak ezaugarri horietako asko ditugu. Kirol oso aberasgarria da, eta hemendik neska guztiak animatu nahiko nituzke eskalada probatzera. Pena da indarraren aitzakian eskalada ez probatzea. Neska gehienak bikotekidearekin hasten dira eskalatzen, eta horietako askok laga egiten dute, ez direlako eskalatzen hasi benetan eurek nahi zutelako. Nik eskalatzeko autonomia lortu dut, eta bikotekide gabe ere joaten naiz eskalatzera, lagunekin. Neska batekin joaten naiz, eta biok sentsazio berberak izaten ditugu. Oso ondo pasatzen dugu.

Zein ezaugarri behar ditu eskalatzaile batek?
Atzamarretan indarra edukitzea ezinbestekoa da, baina hori poliki-poliki lortzen da. Elastikotasuna ere oso garrantzitsua da, baina hori ere landu egin daiteke. Nire ustez, garrantzitsuena psikologikoki indartsua izatea da. Norbere burua proban jarri, eta egunetik egunera proba horiek gainditu nahi izatea da garrantzitsuena. Azkenean, ezaugarri baten faltan, beste bat izango duzu eta denak uztartu behar dira. Beldurra denok pasatzen dugu, bakoitzak bere mailan, jakina! Iker Pou batek, edo Patxi Usobiagak ere seguru beldurra pasatzen dutela, baina beldur hori gainditzeak izugarrizko gozamena ematen du. Jendeak kirol arriskutsutzat dauka eskalada, eta eskalatzaileak oso ausartak direla uste dut Ni guztiz kontrakoa naiz, baina eskalatzen dut. Eskalada oso kirol zabala da, eta ni arrisku gutxien duten bi modalitatetan ibiltzen naiz: kirol eskalada eta bulderra. Kirol eskalada sokekin egiten da, horretarako prestatuta dauden hormetan. Jendeak sekulako lana egin du, borondatez, hormak besteontzako prestatzen, eta hori eskertzekoa da. Bulderra, bestalde, sokarik gabe egiten da, haitz txikiagoetan. Askoz bortitzagoa da, eta mugimendu indartsuagoak egin behar dira. Azpian koltxoneta bat jartzen da, eta ez da material askorik behar. Sozialagoa da, eta taldean praktikatzeko oso aproposa.

Sokan zoazen lagunarekin konfiantza handia eduki behar da, ezta?

1706639403590 Sare Gurrutxaga: “Eskaladarekin gozatzea da nire helburua”

Bai. Sokan binaka eskalatzen da, eta pertsona horrekin konfiantza edukitzea ezinbestekoa da. Nik mutil lagunarekin eskalatzen dut gehienetan, eta berarekin moldatzen naiz hoberen. Gutxi ezagutzen dudan jendearekin ez dut ia inoiz eskalatzen. Konplizitatea oso garrantzitsua da. Nire mutilak oso ondo ezagutzen nau, eta badaki noiz nagoen ondo edo noiz nagoen beldurtuta. Animuak emateko modua ere desberdina da. Aseguratzailearen lana oso garrantzitsua da, azken batean, bizitza jokoan dago eta ondo aseguratzea ezinbestekoa da. 

Ofizioz fisioterapeuta zara. Lagundu al dizu zure lanbideak eskaladan?
Nik beti esaten dut ez dakidala nire lana den edo entrenatzeko modua. Rokodromora joan beharrean lanera joaten naiz! Atzamarretan indar handia daukat, bai. Nire lanbideak laguntzen du horretan, eta lehen ere eskubaloian ibilitakoa naizenez, besoak ere landuta dauzkat. Orain arte egindakoak asko lagundu dit eskaladarako beharrezko ezaugarriak garatzen, eta eskaladarekin topo egin nuenean ezaugarri fisiko batzuk landuta nituen.  Dena dela, rokodromoan entrenatzea garrantzitsua da. Konstantea izan behar da. Izan ere, gutxitan eskalatzen duenak ez du maila hobetzen, eta azkenean laga egiten du eskalada. Rokodromoan entrenatuz gero, haitzean hobeto moldatzen zara: ez zara horrenbeste nekatzen, mugimenduak hobeto irteten zaizkizu… Ni ez naiz sekula oso konstantea izan, baina nire mailarako nahikoa da egiten dudana. Nik rokodromoan oso ondo pasatzen dut, baina, nire ustez ezin, dira haitza eta rokodromoa konparatu. Rokodromoa entrenatzeko leku bat da niretzat, eta lagun giroan bada, hobeto! Niri askoz gehiago gustatzen zait haitza.

Zer eman dizu eskalatzeak?
Psikologikoki izugarri lagundu dit. Eskalatzen nabilenean ez dut beste ezertan pentsatzen, eta nire eguneroko buruhausteak alboratzeko balio dit. Tentsio guztiak askatzeko modua da. Era berean, neure burua proban jartzeko balio dit, eta beldurra gainditzen laguntzen dit. Erortzeari beldurra diot, eta beldur hori gainditzeak sekulako gozamena ematen dit. Inork ez du lurrera erortzerik nahi, eta tentsio puntu hori gainditzea izugarria da. Gorroto eta maitasun harremana da. Batzuetan eskalada laga egingo nuke beldurra pasatzen dudalako, baina aldi berean, ezin dut laga. Ahalegin horren ostean lagun artean hartzen dugun garagardoak ez dauka preziorik. Baina batez ere, lagunak, bikotekidea eta leku berriak ezagutzeko aukera eman dit eskaladak.

1706639403684 Sare Gurrutxaga: “Eskaladarekin gozatzea da nire helburua”

 

1706639403776 Sare Gurrutxaga: “Eskaladarekin gozatzea da nire helburua”

Zerk eraman zaitu Hego Afrikara eta Kaliforniara eskalatzera?
Euskal Herrian eskalatzeko toki oso onak eta politak daude, baina askotan ikusi ditugu.  Gainera, ezin da esan Euskal Herrian haitza soberan dagoenik. Badaude lekuak, baina mugatuak dira. Araotz (Gipuzkoa), Larraona (Nafarroa) eta Apellaniz (Araba) izugarri gustatzen zaizkit, esate baterako. Asteburuetan hemen inguruan ibiltzen gara, baina jai-zubi luzeagoetan Kataluniara, Madril aldera edo Pirinioetara joateko aprobetxatzen dugu. Eta azken bi urteotan udako oporraldia ere eskalatzeko aprobetxatu dugu. Iaz, Kaliforniara joan ginen, eta aurten, Hego Afrikara. Bi toki horietan bulderra praktikatu dugu, batez ere. Frantziako beste leku bat kenduta, bi toki horiek dira une honetan bulderraren paradisuak. Bulderra praktikatzeko material gutxiago behar da, eta bidaiatzeko aukera hobea eskaintzen du. Bi leku horiek bulderra praktikatzeko leku ezinhobeak dira. Jende askok esan digu nola joan daitekeen hain urrutira eskalatzera, baina inork ez du zalantzan jartzen munduko futbol txapelketako partida bat ikustera Hego Afrikaraino joatea. Batzuk Españak jokatu zuen finala ikustera bakarraik joan ziren haraino. Guk, behintzat, turismoa egiteko ere aprobetxatu dugu, baina gure erara.  Jende asko ezagutu dugu eta sekulako esperientzia izan da. Bikotekidearekin zaletasuna konpartitzea oso garrantzitsua da, bestela oporretako planak egiteko borrokan ibiliko ginateke.

Zein gradutakoa izan da igo duzun hormarik zailena?
Sokarekin eskalatzen 7C gradukoa izan da igo dudan zailena. Azkenean denok begiratzen diogu graduari modu batean edo bestean, baina ez diot bestelako garrantzirik ematen.

Noraino iritsi nahiko zenuke?

Afizio bat da, eta eskaladarekin gozatzea da nire helburua. Zailtasuna handitzen joaten gara, eta beti apur bat gehiago eskatzen diogu geure buruari, baina ez da lehiaketa bat.   Unibertsitatean hartu nuen parte pare bat txapelketatan, eta uste baino hobeto moldatu nintzen, baina hori ez da nirea. Disfrutatzea da nire helburua, eta txapelketan ez nuen batere disfrutatu. Jende aurrean eskalatzen tentsio eta presio gehiegi sentitu nuen, eta niri hori ez zait gustatzen. Kirol batzuk lehiatzeko sortu dira. Eskubaloian jokatu izan dut, eta helburua irabaztea zen. Baina eskalada ez zen horretarako sortu, nahiz eta orain txapelketak egiten diren. Nik ez dut horrela hartzen eskalada, nik eskalatzen gozatu nahi dut.

1706639403857 Sare Gurrutxaga: “Eskaladarekin gozatzea da nire helburua”

1706639403946 Sare Gurrutxaga: “Eskaladarekin gozatzea da nire helburua”

1706639404039 Sare Gurrutxaga: “Eskaladarekin gozatzea da nire helburua”

1706639404096 Sare Gurrutxaga: “Eskaladarekin gozatzea da nire helburua”

 
*Testua: Ainhoa Andonegi