Literaturari buruzko ataria sortu dute Alberdik eta Guillanek

elgoibarren.net 2010ko aza. 4a, 11:28

 
Uxue Alberdik eta Oier Guillanek kudeatuko dute aurrerantzean Hitzen Uberan, EIE Euskal Idazleen Elkarteak ekoitzitako literaturari buruzko ataria. Literatura bizitzeko modu ezberdinak jaso nahi izan dituzte webgunean, “eta bide batez haien arteko harremanak sortzea”, azaldu du idazle eta kazetari elgoibartarrak.

 
 
 Hitzen Uberan proiektuari forma emateko idazleak, editoreak, ilustratzaileak, sareko komunikazioko adituak eta beste izan dituzte aholkulari Uxue Alberdik eta Oier Guillanek. Kolaboratzaile sare zabal eta irekiaren artean dago Antton Alberdi elgoibartarra ere, webgunearen diseinuaren egilea. Honakoa ez da Guillanek eta Alberdik literaturaren inguruan elkarrekin egin duten estreinako lana, Euskal Idazleen Elkarteak ekoizten duen Testuketan irratsaioaren arduradunak baitira biak. Asteburuan emititzen dute Herri Irratian: zapatu arratsaldetan izaten da lehen emanaldia eta domekan errepikapena, 19:00ak aldera.

 Uxue Alberdik Berria egunkariari esandakoaren arabera, “Hiru ardatz nagusi izango ditu literaturaren inguruko atari berriak: eduki sortzaileak eta albisteak; biltegia; eta ipar orratza. Eduki sortzaileak eta albisteak guk edo kofradiako kideek [webgunean erregistratutako erabiltzaileek] sareratutakoak izango dira, haiek ia-ia gure eskumen berberak izango baitituzte webgunean parte hartzeko. Biltegiari dagokionez, Gatzetan gordeak atalean Testuketan irratsaioko elkarrizketa eta kolaborazio guztien audioak jaso ditugu, eta orain egiten ditugun elkarrizketa eta erreportaje berriak ere hor gordetzen joango dira. Hirugarren ardatzean, ipar orratzarenean, beste hedabideetan literaturaren inguruan agertzen den guztiaren berri ematen saiatuko gara”.