'Debekatuta dago oroitzea' dokumentala eskainiko du Ongarrik

elgoibarren.net 2010ko aza. 4a, 13:59

Gaur (azaroak 4) iluntzeko saioan Debekatuta dago oroitzea dokumentala eskainiko du Ongarri zineklubak, Elgoibar1936 taldearekin elkarlanean. 1937. urtetik 1944ra bitartean Mutrikuko Saturrarango kartzelan preso egon ziren emakumeei buruzko dokumentala da.
  Bihar (azaroak 5), bestalde, memoria historikoaren autobusa ailegatuko da Elgoibarrera.


  Saturrarango presoak baldintza latzetan bizitzera behartzeaz gain, haietako batzuei semeak edo alabak kendu zizkieten frankistek, eta hori guztia jasotzen du dokumentalak. Josu Martinez eta Txaber Larreategi zuzendariek Saturraranen preso egon ziren emakumeen lekukotasunak jaso dituzte. 21:30ean hasiko da filma, Herriko Antzokian. (ikusi hemen: dokumentalaren aurrerapen bat)
•Emakumeen erretratuak
 Ongarri zineklubak lau film emango ditu azaroan, Emakumeen Erretratuak zikloaren barruan. Aipatutako dokumentalarekin batera, El Silencio de Lorna; Ella, una joven china eta Mujeres del Cairo pelikulak emango dituzte hurrenez hurren, eguenetan, 21:30etik aurrera.


1706639398162 'Debekatuta dago oroitzea' dokumentala eskainiko du Ongarrik

Memoria historikoaren autobusa
  Memoria historikoa berreskuratzeko asmoz abiatu zen autobusa urriaren 16an Mutrikutik, eta ordutik herriz herri dabil, frankistek hildako herritarrak gogora ekartzen. 18:00etatik 20:00etara izango da Elgoibarren, barixaku honetan (azaroak 5) Kultur Etxe aurrean. Elgoibar 1936 taldekoek oroitzapen ekitaldia egingo dute 19:00etatik aurrera.

 Elgoibar1936 taldekoek, hain zuzen, gerra garaian herritik ihes egin behar izan zutenen izen abizenak atera dituzte Salamancako paperetatik. Orotara 617 elgoibartarren erreferentziak aurkitu dituzte eta euren atari digitalean zintzilikatu dute guztiak batzen dituen zerrenda. Sasoi hartan "elgoibartarren %10ak" ihes egin behar izan zuela jakinarazi dute memoria historikoa berreskuratzeko sortu zuten taldeko kideek.