Perretxiko erakusketa antolatu du Karakate elkarteak domekarako

elgoibarren.net 2010ko aza. 5a, 11:06

 
Laugarren urtea da Karakate elkartekoek perretxiko erakusketa antolatzen dutena, eta aurten ere Aranzadi Zientzia Elkartekoen laguntza izango dute. Gaur eta bihar goizean inguruko mendietan batzen dituzten perretxikoak Kultur Etxeko sotoan ikusi ahal izango dira, domekan (azaroak 7).



 Aranzadi Zientzia Elkartekoek sailkatuko dituzte Elgoibar inguruan batutako perretxikoak. "Guk batzen ditugun perretxikoei izenak jarriko dizkiete, eta haien ezaugarri nagusien berri emango digute. Jateko modukoak diren edo ez argituko digute, horixe izaten da-eta jendeari gehien interesatzen zaiona", argitu du Jose Agustin Olaso Karakate eta Aranzadi elkarteetako kideak.
 Perretxikoen ezaugarrien gaineko informazioa emateaz aparte, baina, perretxiko biltzaileek kontuan hartzeko moduko beste hainbat argibide ere emango dituzte erakusketa horretan: "Zelan batu behar diren azalduko dugu, eta mendian nola ibili behar den. Gero eta perretxiko gutxiago dago mendian, eta zentzuz jokatzen ez badugu, itsasoan gertatzen ari dena gertatuko zaigu mendian ere. Hau da, iritsiko da jateko moduko perretxikorik egongo ez den eguna", nabarmendu du Olasolok.
  • Domekan izango da erakusketa Kultur Etxeko sotoan. Goizean, 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik, eta arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara.
  • Astelehenean, berriz, eskola umeen txanda izango da. Karakate elkartekoek nahi beste argibide emango dizkiete gaztetxoei.
Lotura duten albisteak: