Jon Gurrutxaga musikariak egin zituen Anariren aurkezpen-lanak. Jonek esan zigun Anari Alberdi Azkoitian jaio zela 1970ean. Eta Anarik lehen pausuak bateria munduan eman zituela ere esan zigun; eta hasieran ingelesez kantatzen zuela ere bai. Anarik lehen diskoa 1997an argitaratu zuen, eta harrez gero beste bost disko ere prestatu ditu; sei, denera. Eta kantari azkoitiarrak bere bueltan izan dituen musikarien errepasoa egin ondoren, Anarik hitzei garrantzia handia ematen diela azpimarratu zigun. Haren kantak sakonak, intimistak, goibelak eta, askotan, ilunak direla esan zigun aurkezpenarekin amaitzeko.
Joni aurkezpenagatik eskerrak eman ondoren, Elgoibarrera etortzea pozgarria zela aitortu zigun Anarik: “Pozgarria da niretzat hemen egotea. Egunero etortzen naiz Elgoibarrera, baina beste zeregin batzuetara (bertako Institutuko irakasle-lanetan dihardu aurten). Hala ere, ardura handia da niretzat Andoni Egañaren eta Anjel Lertxundiren ondoren zuen aurrean jardutea”.
•Anari, estreinako diskoa
1997an argitaratu zuen Anari diskoarekin hasi zuen hitzaldia. Eta disko horretatik Hegoekira begira kanta aukeratu zuen. Soka bakarrarekin egindako kanta izan zen, eta kantu honen bueltan honako gogoeta laga zigun: “Guk ez genekien musika jotzen, baina sortzeko prest geunden. Oraingo gazteek, berriz, oso teknika ona dute, baina oso gutxi sortzen dute. Talde berri batzuek, adibidez, musika talde ezagun batzuen bertsioak kantatzen jarduten dute. Fenomeno lotsagarria iruditzen zait hori”.
Lurrean etzanda zuen gitarra hartu eta Hegoekira begira kanta abestu ondoren, gaur egun horrelako kanturik ez lukeela egingo aitortu zigun. Disko “inkoszientea” zela gehitu zuen, eta kantuak banan-banan datozela bata bestearen atzetik, batere loturarik gabe.
•Habiak, garai argian egindako disko iluna
Bigarren diskoa 2.000. urtean grabatu zuen: Habiak. “Diska tristea da; garai argian egindako disko iluna. Melankolikoa ere bada, betegarria. Ez du gauza handirik esaten; metaforak dira, bata bestearen atzetik”. Eta azken errematea ere eman zion ideia horri: “disko hori gezurra da”.
•Pettiren ahotsarekin batera
Habiatik salto egin eta 2002an Pettirekin batera grabatu zuen diskoan hartu zuen tokia. Pettiren ahotsa asko gustatzen zitzaiola aitortu zigun, eta oso gustura geratu zela
egin zuten lanarekin. Disko honetatik Inon izatekotan kanta aukeratu zuen, eta zera esan zigun: “Hasteko, kantaren titulua aukeratzen dut, eta ondoren hasten naiz letra idazten”. Kasu honetan kantak ez datoz soltean: “Diskoa obra oso bat moduan planteatu nahi dut”. Hori esan ondoren, gitarra hartu eta kantuan hasi zen.
•Zebra, egia esateko konpromisoa
2007an Zebra diskoa kaleratu zuen: “Garai ilun batean egindako disko argitsua da Zebra. Diskoa zuri-beltzekoa da, zebren antzerakoa”. Disko horrekin aldaketa sakonak datoz: “Diska honetan egia esateko eskatu nion neure buruari. Konpromiso bat nuen egiarekin”. Anariren kantatzeko era aldatu egiten da disko horretan. Argia ematen dio ilun dagoenari, eta garbi zuen zein izango ziren diskoko hasierako berbak: “erori banaiz ere, gorantz erori naiz”. Zebra diskoan gitarrak pisua hartzen du, eta talde-lana nagusitzen da, kantuak Anarirenak badira ere. Metaforak badaude disko horretan, baina metaforak ideiei indarra emateko dira. Eta Zebrako kontuekin amaitzeko, lagun bati pasatakoa kontatu zigun: “Nire lagun batek bi tia-moja zituen, eta egun batean lagun bat hil zitzaion. Mojek hori ahaztu egin behar zuela esan zioten. Ahaztu. Baina amonarengana joan zenean, hark ezetz esan zion, ahaztu ez zuela egin behar. Ahaztu beharrean, nahastu egin behar zuela. Bizitzako beste kontu batzuekin nahastu behar zuela, lagunaren heriotzak sortutako samina gainditzeko”. Anariri barru-barruraino sartu zitzaion amonaren gomendioa, eta Zebra diskoan apropos azaltzen dira ahaztu eta nahastu aditzak.
Aingura hegodunak kanta abestu zigun Zebra diskotik, eta kanta amaitu ondoren, zera esan zigun: “Diskoa grabatu ondoren, gauez etxerako bidea hartu nuenean, beldurra sentitu nuen. Bertigoa. Habiak-en kontrakoa zen. Baina, zorionez, oso harrera ona izan zuen diskoak”.
•Irla izan, Frantzian idatzitako diskoa
Zebrabidea pasa ondoren, Anarik eszedentzia eskatu zuen eta Frantziara joan zen: “Frantzian asko idatzi nuen, eta frantsesa ikasteko ere aprobetxatu nuen. Frantzia leku ona da frantsesa ikasteko”. Frantzian idatzitakotik sortu zen Anariren azken diska: Irla izan. “Disko horrekin ez nuen inolako intentziorik. Ez dauka bestelako diskurtsorik; kantuak dira, besterik gabe”. Haserretik baretuta zegoen, eta bere esanetan, “ez da disko iluna, erreflexiboa da”. Azken disko horretan hitzak gero eta garrantzia handiagoa hartzen du, eta Harriak kanta aukeratu zuen guri eskaintzeko: “Aurreko diskoetan azaltzen diren letrei aurre egiten diet kanta horretan. Gustatzen zait lehen esandakoei kontra egitea”. Eta kanta amaitu ondoren, bere jardunaren amaierara iritsi zela esan zigun: “Amaitu dut. Ez daukat beste diskorik”.
•Amuak, kanturik gogorrera
Jon Gurrutxaga Anariren aldamenera bueltatu zen, eta ea inork galderarik bazuen galdetu zigun. Galderarik ez, baina lagun batek ea kanta bat eskatzerik bazegoen galdetu zuen. Anarik baietz erantzun zion, eskatzeko nahi zuen kanta. Amuak kantua eskatu zion. “Idatzi dudan kantarik gogorrena eskatu didazu”. 40 urte eduki eta umerik ez izatearen bueltan idatzitako kanta latza izan zen Anariren ahotik irten zen azken gauza.
Eta hala amaitu zen Anariren emana. Galderaren bati emandako erantzunarekin buka zitekeen beharbada, baina Anari kantaria da, eta kanta batekin esan zigun hurrengora arte.
Amaitu da. Anarirekin batera isildu dira aurtengo Euskara ala ezkara hitzaldi-zikloko oihartzunak. Datorren urtean ere, ondo bagara, saiatuko gara horrenbestekoa edo hobea prestatzen.
Hitzaldi-kontzertua zuzenean ez ematea nahiago zuela esan zigun Anarik, baina emanaldi osoa bideoan grabatuta daukagu Aitor Lauzirikari esker. Anariren emanaldiaren azken minutuak dira ondoren ikus ditzakezuenak. Harriak eta Amuak kantak entzun ditzakezue bertan.
{youtube}h4xxTG-aSDU{/youtube}