“Ezusterik ezean”, alegia, Osoko Bilkurak Hazienda Batzordean onartutakoak berresten baditu, “Udal zergak %2,1 igoko dira 2011n”, aurreratu du Alfredo Etxeberria, Elgoibarko alkateak. Salbuespenak ere izango dira: Nagusiena, zaborren gaineko zerga %3,17 igoko dela. Azken urteetan baino igoera txikiagoa izango du, hala ere, Debabarrenako mankomunitatearen eskuetan dagoen zerbitzuak. Erabiltzaile bakoitzak urteko 112 euro inguru ordaintzen dituela kontutan hartuz, lau euro gehiago ordaindu beharko dira 2011n zaborrak jaso eta gestionatzeagatik.
Ostalariek leku publikoetan terrazak jartzeagatik ordaintzen duten zerga ere igo egingo dute. Gaur egun 15 euro ordaintzen dituzte terrazetako metro koadro bakoitzeko eta aurrerantzean 25 euro ordaindu beharko dituzte.
Ordaindu beharreko aparkamenduen tarifak ere onartuko dituzte Osoko Bilkuran. “Honek ez dauka eraginik egun martxan dauden doako OTA zerbitzua duten aparkalekutan; Plaza Txikikoa, esaterako. Aitzitik, aurrerantzean egin daitezkeen aparkalekuen salneurriak zehaztea da gure helburua”, argitu du Etxeberriak. Aparkaleku horiek egiteak suposatuko lukeen gastuari aurre egiteko onartuko dituzte tarifok. Hala, 0,50 euro ordaindu beharko dira, egunez (8:00etatik 20:00etara), autoa horrelako aparkaleku batean edukitzeagatik. Gaueko tarifa, berriz, 0,125 eurokoa izango da ordu bakoitzeko.
Azkenik, hilerriko prezioak eguneratzeko programarekin aurrera jarraitzen dutela azaldu zuen, besterik gabe, Etxeberriak.