Hainbat ekitaldi zeuden deituta gaurko eta, besteak beste, Eusko Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak, hiru Batzar Nagusiek eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Udalek hartu dute parte. Aralarrek eta EAk ez dute bat egin, izan ere, haien ustez, erakundeek ez dituzte biktima guztiak omenduko. Batasun eza hori dela-eta, politikarien izenean autokritika egin du Elgoibarko alkateak, Alfredo Etxeberriak. Datozen urteetan egingo diren Memoriaren Egunetan denen artean adostutako adierazpen bat egiteko gai izatea gustatuko litzaiokela esan du. “Oroimenaren Eguna” izeneko aldarrikapen instituzionala irakurri aurretik egin ditu adierazpenok Etxeberriak. Euskaraz irakurri du berak eta gazteleraz Ovidio Campellok, PSOE-PSE-ko zinegotziak, musikak ere lekua izan duen ekitaldian.
Ondoren, Giza Eskubideen parkean landatuta dagoen Gernikako arbolaren oinean lora sorta bat laga dute ekitaldian parte hartu duten biktimetako batzuek; Esposito, Arrese eta Zabaletaren senideek, hain zuzen ere. Minutu bateko isilunearekin amaitu da ekitaldi xumea. Egutegian hilketarik gabeko egun bakarretakoa delako hautatu zuten agintariek gaurko eguna.
Argazkiak: