-Behobia eta Donostia arteko bidea azkarren egin duen elgoibartarra zara. Sekulako marka (1:04:55) egin zenuen 1992an.
-Estreinako aldian horrelako marka egin eta ez zenuen gehiago probatzerik nahi izan!
Nahi ez izatea baino ezina izan zen gehiago. Lesio asko izan nituen bata bestearen atzetik. Urte dezente beranduago, lagun bati laguntze aldera korritu nuen berriz Behobia, baina dortsalik gabe eta erlojuarekin lehiatzeko asmorik gabe.
-Zein aholku emango zenioke Behobian lehen aldiz parte hartu nahi duen bati?
Lasai-lasai hasteko esango nioke, Lezoraino (12. kilometroan) ailegatu arte bai behintzat. Handik aurrera, indarra, gogoa edo abilezia baldin badauka hasi dadila martxa bizkortzen. Eta aholku funtsezkoena: norbere erritmoan ibiltzea.
-Eta markaren bila doan bati?
Antzerako zerbait. Pasaiako portuan, 13. eta 16. kilometroen artean dago, nire ustez, marka on baterako giltza. Horraino ondo ailegatuz gero, egurra ematen hasi eta nahikoa tarte dago denbora on bat egiteko. Hori bai, kilometro lau horietan erritmoa bizkortuz, asko irabazi daitekeen bezala, asko galtzeko arriskua ere badago.
Zer iritzi duzu Behobiak hartu duen dimentsioari buruz?
Nik egin nuenean 8.000 lagun izan ginen, eta gehiegitxo iruditu zitzaizkidan. Orain 20.000 izango direla uste dut. Saltaka egiteko lasterketa deserosoa begitantzen zait. Ia bosgarren kilometrora arte saltaka egin ezinda, bata bestearekin erdi bultzaka joan behar horrek ez nau batere erakartzen. Irteera baino dezente lehenago mugitu gabe zain egon behar horrek ere ez; txiparekin-eta asko hobetu bada ere arlo horretan. Gauza onak ere baditu, hala ere, Behobiak. Gutxi ibiltzen den jendearentzat edo lehen aldiz parte hartu nahi duenarentzat lasterketa aproposa da oso, daudenetan onena, esango nuke; sekula ez zara-eta bakarrik geratuko. Bakardade horren beldurrez ez dute parte hartzen askok antzerako beste proba batzuetan. Behobia, aldiz, atletismoan hasi nahi duen edonorentzako tentazio modukoa da.
-Hortik datorkio, agian, azken aldian hartu duen ospea?
Baliteke, bai, edozeinek egiteko moduko proba denaren entzutea hartu du-eta
Krosetan ibiltzen zinela aipatu duzu. Zein zenituen kuttunenak?
Mugerza krosa, dudarik gabe. Kadeteetan hasita makina bat memorial Mugerza dauzkat hanketan; Lerunen zein Mintxetan. Kros denboraldia amaitzen zenean, udan, pistan ibiltzen nintzen. 5.000 eta 10.000 metrotako lasterketetan ibiltzen nintzen.
-Zein dira pistan dauzkazun markak?
Pistan krosetan bezain ondo moldatzen ez nintzen arren, kilometro eta erdian 4:01 da nire denborarik onena; 14:44 bost kilometrokoan, eta 30:19 hamar kilometroko proban. 1.500 metrotako eta 5.000 metrotako markak asko sufritu ostean lortutakoak dira. Aldiz, 10.000 metrokoan, hobeto egin nezaken ustea daukat. Lasterketa luze eta moteletan moldatzen nintzen hobekien, krosetako lokatza eta gogortasunak mesede egiten zidaten.
Bai, Mintxetan egin zuten estreinako aldian ere, artean harmailarik ere ez zegoenean, han nintzen ni, Mintxetako ibilbide berria estreinatzen. Alde ederra Leruneko ibilbidearekin alderatuta! Hura kriminala zen. Krosaren esentzia zuela hark esango dute batzuek, baina keba! Hark zeuzkan asfaltoa, txapia… ez ziren saltaka egiteko batere aproposak. Zelaiak, sorua eta sagastiak dira krosaren esentzia, nire ustez. Lerunen, urte batean oinetako lauekin egiten nuen, eta gaizki. “Datorren urtean giltzadunekin egingo diat ba”, esaten nion nire buruari, eta hala ere ezin asmatu; bikiak karga-karga eginda amaitzen nuen. Horregatik, beharbada, ibiltzen ziren Elgoibarrera saltakariak ezin ekarrita, eta, aldiz, Lasartera eramateko ez zuten arazorik izaten.
-Zure sasoirik onenetan nor izaten zenituen aurkari nagusiak?
Garin anaiak, Apalanza, Diego Garcia... guzti horiekin ibili nintzen Urola taldean. Taldekide eta lasterketetan aurkari izan nituen.
-Nola gogoratzen duzu Diego Garcia?
Diegorekin tratu handia eduki nuen, goi mailarako jauzia egin aurretik taldekide izan nuen-eta Urolan. Zenbat barre egiten genuen berarekin. Umore oso onekoa zen. Bestalde, izaera oso lehiakorra zuen. Norbaitek entrenamenduetan pasatzen bazuen segituan pikatzen zen. Berotasun horrexek konpetizioetan kalte egiten ziola uste dut, hanka-sartze taktikoak egiten zituen-eta sarritan: Medikuaren esanei kasu ez egin, haizea kontra zegoenean taldean tiraka jarri eta horrelakoak. Abilidade fisiko gehiago zituen taktikoak baino. Batzuetan nahiko ondo atera zitzaion, baina gehiagotan egin ziola kalte uste dut. Hori bai, sufritzailea zen, demasekoa.
-Geratu al zaizu parte hartu nahi izango zenukeen probarik egiteke?
-Erreferente izan duzun korrikalari bat?
Sebastian Coe britainiarra.
-Lokotx biltze txapelketatan ere parte hartu izan duzu.
Bai, hirutan izan naiz Gipuzkoako txapeldun eta behin hirugarren egin nuen Euskal Herrikoan. Ehun metrokoek daukaten arrankea, 800 metrokoen erresistentzia eta ehiztarien punteriaren arteko konbinazioa behar dira lokotx biltzean.
-Karakateko igoera ere laster jokatuko da. Parte hartu izan al duzu inoiz?
Behin egin dut. Lau bat kilo gehiagorekin, eta horrek dakarren forma faltarekin egin izanaren pena daukat. 31:36 denbora egin nuen, eta 4. postuan edo sailkatu nintzela uste dut. Hori ere nire sasoi onean harrapatu izan banu!