Abian da botikak hobeto erabiltzeko programa

elgoibarren.net 2010ko aza. 16a, 11:46

 
Elgoibarko alkateak, Alfredo Etxeberriak, eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko (COFG) presidenteak, Angel Garaik, lankidetza hitzarmena sinatu dute, “Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileek hartzen dituzten botikak hobeto erabiltzeko programa” abiarazteko. Herriko lau farmazien laguntza izango du programak.



  Programa honen xedea da Elgoibarko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzura atxikita dauden pertsonek hartzen dituzten botiken erabilera hobetzea. Programa horretan, beraz, medikamentuak hartzeko zailtasunak dituzten pertsona autonomoek nahiz mendekotasuna dutenek parte hartu ahal izango dute. “Baina ez pertsona nagusiek edo medikamendu asko hartzen dituztenek bakarrik. Buruko arazoak dituen pertsona gazte batek ere, esaterako, badauka laguntza jasotzeko aukera. Oro har, euren botikak gestionatzeko zailtasunak dituzten pertsonek jasoko dute laguntza”, argitu du Angel Garaik, COFGko presidenteak.

  Garairen esanetan “behar baino medikamendu gehiago erabiltzen ditu jendeak, errezeta gehiegi egiten dira eta, gainera, medikamendu asko ez dira behar bezala erabiltzen”. Programa berri honekin medikamenduen erabilera “optimizatu” nahi dute, eta, bide batez “diru publiko mordoa aurreztu” ere bai.

  Horretaz gain, programa honen bitartez, eta herriko lau farmazien lankidetzari esker, herritar horiei laguntza eskaini nahi zaie botikak eskuratu eta kasu bakoitzean ezarritako tratamendua ondo bete ahal izateko. Nolanahi ere, programaren xedea ondokoa da: etxez etxeko laguntzaileek edota zaintzailek laguntza izatea, sendagaiak erosi, gorde eta ematerako orduan.

Prozedura

1706639368013 Abian da botikak hobeto erabiltzeko programa

Programa honetan “dosifikazio sistema pertsonalizatuak” (SPD) erabiliko dira (ondoko argazkian). Dosifikatzaileetan gaixoak eguneko hainbat ordutan hartu beharreko konprimituak jarriko dira, eta horretaz gain, beharrezko argibideak erantsiko dira, dosia modu egokian eman ahal izateko.
  Udalaren Gizarte Zerbitzuetako Zuzendaritzak programa pilotu honetan parte hartuko duten erabiltzaileak aukeratuko ditu. Erabiltzaileek, halaber, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialak kreditatzen dituen farmazien artetik, gogokoen dutena aukeratuko dute ekimen honetan parte hartu ahal izateko. Programan sartu aurretik, bestalde, erabiltzaile bakoitzak baimen informatuari buruzko agiri bat sinatu beharko dute.

  Erabiltzaile bakoitzari elkarrizketa bat egingo zaio hartzen dituen botikei eta bere osasun arazoei buruzko informazio guztia jasotzeko. Informazio fitxa aldatu egingo da, tratamenduan gertatzen diren aldaketen arabera. Hamabostean behin, farmazialari bakoitzak medikazioa dosifikatzaile pertsonalizatuetan prestatu, eta erabiltzaile bakoitzari emango dio.

  Elgoibarkoarekin batera, dagoeneko, 22 dira ekimen honetan parte hartzen duten udalerriak. Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialeko ordezkariek diotenez, programa honetan, nahi izanez gero, Euskal Herriko udalerri guztiek parte har dezakete.
 
44 familiak jasotzen dute etxez etxeko zerbitzua
 Gizarte Ongizate Sailak 44 familiei eskaintzen die etxez etxeko laguntza zerbitzua Elgoibarren. Horien artetik, 21 pertsonak etxeko lanak egiteko eta norbanakoari laguntzeko zerbitzua jasotzen dute, 22 pertsonak, berriz, etxeko lanak egiteko laguntza; eta, azkenik, batek bakarrik, norbanakoari laguntzeko zerbitzua. Zerbitzuen batez bestekoa 4,5 ordukoa da asteko. Bizitzen, azpikontratutako enpresako hamabi langile arduratzen dira zerbitzua eskaintzeaz. Azken hamabi hilabeteotan, batez beste, 749,60 ordu fakturatu zaizkio Udalari hileko.