Guass diskoteka zena ordaindutako aparkaleku bihurtzetik gertuago

elgoibarren.net 2010ko aza. 17a, 15:12

 
Guass distoketa egon zen eraikina “Gabonak aurretik” botatzeko asmoa dutela aurreratu du Alfredo Etxeberria alkateak. Libre geratuko den orubean aparkalekuak egingo dituzte; ordaindutako herriko estreinako aparkaleku publikoa, hain zuzen ere.




  Eraikinaren jabeekin hitzartutako akordioaren ostean, eraikina bota eta gero geratuko den orubearen alokairuagatik errenta bat ordaindu beharko du Udalak hilero. Orube horretan, ordaindutako aparkaleku publikoa jartzeko asmoa dute udal arduradunek. Alkateak azken Osoko Bilkuran azaldu zuenez, “ordaindutako aparkalekua izango da, alokairua ordaintzeagatik sortutako gastuak ordaindu ahal izateko”.
 Eraikina behera botatzeko lanek eta sortuko diren obra-hondakinak bertatik kentzeak daukaten kostuak, berriz, Jaurlaritzak hartuko ditu bere gain. “Erortzeko zorian dauden industri eraikinak eraisteko Jaurlaritzak daukan plan baten barruan sartuko ditugu lanok, eta aste batzuk barru hasiko dituzte behera botatzeko lanak”, azaldu du Etxeberriak.

 Agintarien iritziz aparkaleku faltaren arazoa arintzen lagunduko du aparkaleku berriak eta, besteak beste, daukan kokaleku “erosoa” nabarmendu du Elgoibarko alkateak: “Madalatik eta erdigunetik pauso batera dago, eskura eta eroso. Gainera, herri barruko trafikoa arintzeko baliagarria izango dela uste dugu”.

Aparkalekuko tarifak
  Ordaindutako aparkalekuak izango dituen tarifak ere onartu zituzten Osoko Bilkuran. Egunez (08:00etatik 20:00etara) ibilgailuak aparkatzeagatik 0,60 euro ordaindu beharko dira ordu bakoitzeko. Gaueko tarifa (20:00etatik 8:00etara), berriz, 0,125 eurokoa izango da ordu bakoitzeko.
 
Lotura duten albisteak: