Aipatu moduan, Kultur Etxeko sotoan izango dira kontzertu guztiak, eta sarrerak hiru eurotan eskuratu ahal izango dira. Hona hemen kontzertu bakoitzaren inguruko xehetasun gehiago Sinuoseren eskutik:
•TZESNE & PARALUX (azaroak 19, 22:30ean)
Tzesne Euskal Herriko underground eszenako aztoratzaile nagusienetako bat da. Bere ibilbidea free-rock, noise industriala edo minimalismo elektronikoa bezalako estilo desberdinetara zabaldu du musikari honek. Gaur egun bere lana, bestelako konbentzionalismo musikaletatik baino, soinu bandetatik hurbilago koka daiteke. Paralux, berriz, abstrakzioa eta irudi konkretuak erabiliz Tzesneren soinua modu bikainean ilustratzeko gai den bideo-artista da. (informazio gehiago: seriesnegras.org)
•OSOKO BILKURA (azaroak 25, 22:00etan)
Oier Etxeberria Akauzazte talde azkoitiarreko gitarra jole ohiak, hainbat osagai erabiliz, soinu collageak sortu ditu bere bakarkako lanean, ironia puntu bat bazter laga gabe. Elektronika, folka eta beste hainbat musika motari muzin egin gabe bere mundu propioa sortu du azpeitiarrak. Oraingoan Arrarekin, Akauzazteko bateria jolearekin, sortu duen taldea, Osoko Bilkura, aurkeztera etorriko da Elgoibarrera. Inprobisazioan oinarritutako lana eskainiko du bikote honek.
•FERNALIA (azaroak 26, 22:30ean)
Azpeitiko bikote honetako partaideak aurrez Akauzazte edo Autoa bezalako euskal eszena arriskatuenetako banda esanguratsuetan aritu ziren. Jatorri industriala duen taldea izanagatik, genero honetako beste taldeekin alderatuta, Fernaliak ez dio uko egiten melodiari. Izan ere, taldearen dinamika melodiaren eta basakeriaren, edertasunaren eta biolentziaren, isiltasunaren eta zarataren arteko talkaren ondorioz sortutako tentsioan oinarritzen da.