Gabonetako koadrilen arteko torneoaren itzulera

elgoibarren.net 2010ko aza. 18a, 14:16

1991 eta 1999 urteen artean egin zen koadrilen arteko Gabonetako txapelketa arrakastatsuko giroa berreskuratu nahi du, nolabait, Elgoibarko Xake taldeak. Dagoeneko zabalik dago abenduaren 23tik 30era bitartean egingo duten Gabonetako torneoan izena emateko epea.


 Gaurtik (azaroak 18) hasita, abenduaren 20ra bitartean egongo da 2010eko Koadrilen Arteko Gabonetako Txapelketan izena emateko aukera. Izena eman nahi duten taldeek Olaizaga kiroldegira jo beharko dute, bertan egin behar baita izen ematea, 90 euro ordaindu eta gero. Torneoa jokatu ahal izateko hamabi taldek eman beharko dute izena, gutxienez. Muga, berriz, 16 taldetan jarri dute. Talde bakoitzak 8 eta 15 taldekide artean eduki beharko ditu eta 16 urtetik gorakoak bakarrik onartuko dituzte.
  Elgoibarko Xake Taldeak hartuko du bere gain txapelketa antolatzeko ardura, baina Udal Kirol Patronatua, Debaventura paintball, Astigarraga Etxea eta Toletxe tabernaren laguntza izango du.
Lau kirol eta karta joko bat
 Torneoko partaideek lau kiroletan eta karta jokoan neurtu beharko dituzte indarrak: txirrindularitza proba batean, korrika, sokatiran, areto futbolean eta musean. Kirol bakoitzeko irabazleek garaikurrak jasoko dituzte, eta sailkapen orokorreko irabazleak, berriz, afari bat eta paintball saio baterako sarrerak.

Gabonak eta kirola uztartu zituen torneoa
 Bederatzi urtez, 1991 eta 1999 urteen artean, jokatu zen Gabonetako koadrilen arteko torneoa. Lehen urtean, 1991n, 16 koadrilen artean jokatu zuten, baina urte batzuetan 32 talde izatera ere ailegatu ziren, eta 400 bat lagun inguruk parte hartzen zuten sasoirik onenetan. Ikusleen erantzuna eta sortzen zen giroa ere paregabeak izaten ziren. Areto futbol eta saskibaloi partidak, esaterako, goizaldera arte jokatzen ziren kiroldegian, eta zaletu mordoa batzen ziren bertan. Estreinako edizioan sei kiroletan lehiatzen ziren parte hartzaileak: igeriketa, tenisa, areto futbola, saskibaloia, pala eta krosa. Hirugarren edizioan, ordea, tenisa eta igeriketa kendu eta bizikletan Erretxindiraino egin beharreko taldekako erlojuz kontrakoak hartu zuen haien lekua.
Urteak aurrera joan ahala, partaidetzak behera egin zuen, ordea. 1999. urtean bederatzi talde bakarrik lehiatu ziren Gabonetako torneoan eta 2000 urteko edizioan bost talde besterik aurkeztu ez zirenez, bertan behera lagatzea erabaki zuten antolatzaileek. 1993 eta 1994 urteetako argazkiak dira goikoak eta ondorengoak.

1706639365191 Gabonetako koadrilen arteko torneoaren itzulera

1706639365255 Gabonetako koadrilen arteko torneoaren itzulera

1706639365326 Gabonetako koadrilen arteko torneoaren itzulera

1706639365385 Gabonetako koadrilen arteko torneoaren itzulera