Gure Bide elkartea, 50 urte gurpil gainean

elgoibarren.net 2010ko aza. 22a, 19:36

Pilota munduan San Anton Torneoarekin gertatzen den modu bertsuan, txirrindularitzan izen bat egitera ailegatu diren asko zorretan daude Gure Bide elkarteak 1959. urtetik, elkartea sortu zen urtetik, antolatzen duen Juan Etxanizen omenezko lasterketarekin, txirrindulari askoren erakuslehio eta harrobi izan baita. (argazkiak dauzka)



 Elgoibarko lasterketan ezagutzera eman eta gerora tropelaren puntan ibiltzera ailegatu ziren txirrindulari eta txirrindulari ohi askok, esker onez, ez zuten bi bazkidek elkartearen 50 urteko ibilbidea jasotzeko idatzi duten liburuaren aurkezpena galdu nahi izan. Besteak beste, lasterketa irabazi zuten Txomin Perurena, Ramon Murillo, Alberto Leanizbarrutia, Unai Osa, Aitor Hernandez edo Jokin Mujika etorri ziren liburuaren aurkezpenari euren babesa eta lekukotza ematera. Bertan izan ziren baita ere, irabaztera ailegatu ez arren, San Bartolome bezperan egiten den afizionatu mailako lasterketa entzutetsuan parte hartutako Amets Txurruka (Euskaltel-Euskadi), Beñat Urain (Orbea) eta Iñigo Lariz ere. Abraham Olanok, munduko txapeldun ohiak eta Samuel Sanchez txapeldun olinpikoa ere etortzeko gogoarekin geratu zirela aipatu zuten antolatzaileek, baina ezin izan zuten aurkezpenera agertu.

  Koldo Lizarralde eta Laurentzi Gorostizak idatzitako liburuaren aurkezpena egin ostean, Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kazetariak moderatutako solasaldian parte hartu zuten pleno aretoan batu ziren belaunaldi ezberdinetako txirrindulariek. Euren ibilbideen hastapenetan, oraindik ezezagunak ziren garaietan, Etxanizen omenezko lasterketan parte hartu zuteneko sasoiak ekarri zituzten gogora, bertaratutako txirrinduzaleen gozamenerako. Ondoren, Gure Bide elkartean egin zuten afaria. Eta, ziur, han ere ez zela bizikleta konturik faltako.
•Argazkiak:

Leanizbarrutua, Iribar, Urain eta Lariz.

Lehena eta oraina: Amets Txurruka eta Unai Osa.

Pleno aretoa bete zuten txirrinduzaleek.

Txomin Perurena.