Dantza eta zinea emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunean

elgoibarren.net 2010ko aza. 23a, 12:38

 
Dantza eta zinea moduko adierazpen artistikoen bitartez, emakumeenganako indarkeria modu guztiak salatu eta ezagutarazi nahi ditu Udaleko Berdintasun Sailak azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko egunean. (Mujeres del Cairo filmeko fotograma bat da ondoko argazkia)



1706639361198 Dantza eta zinea emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunean

Emakumeenganako indarkeria gizarteratu eta herritarrak gai honen inguruan sentsibilizatzeko helburuarekin, hainbat ekintza antolatu ditu Berdintasun Sailak. Hasteko, azaroaren 25ean, eguenean, emakumeenganako indarkeriaren aurkako elkarretaratzea egingo dute Plaza Handian, 20:00etan. (ondoko argazkian iaz egin zuten elkarretaratzea)

 Ondoren, 21:15ean, Beldur Barik lehiaketaren finalera ailegatu den “Sasi artean bada lorerik” dantza koreografia eskainiko du Pausoz pauso talde eibartarrak, Herriko Antzokian. Hain zuzen, azaroaren 27an, zapatuan, ospatuko da Beldur Barik Jaialdiaren estreinako edizioa, Ensanche plazan, Bilbon. Lehen edizio honetan, lehiaketaren irabazle izan diren proposamenak ezagutaraziko dituzte bertan.

 Dantza ikuskizunaren ostean, Mujeres del Cairo filmaren proiekzioa hasiko da, 21:30ean. Ongarri Zine Klubak, Emakumeen erretratuak zine zikloaren barruan, eskainiko duen azken emanaldia izango da. Hiru Kontinenteetako Zinema Jaialdian Publikoaren Saria eta Egiptoko kritikaren Pelikula Onenaren saria eskuratu ditu Mujeres de El Cairo (Yousry Nashrallah) filmak. Emakume kazetarien askatasun falta Egipton eta egoera hau aldatzeko borroka agerian uzten ditu zintak. (ikusi hemen: Laburpena)

Nagore Laffageri buruzko pelikula-dokumentala

1706639361257 Dantza eta zinea emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunean

Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren harira antolatutako ekintzek abenduaren 3an izango dute jarraipena. Nagore Laffage Irungo gaztearen hilketari buruzko dokumentala eskainiko dute Herriko Antzokian (22:15ean). Helena Taberna zuzendari nafarrak eraman du zinera oraindik itxi gabe dagoen kasua (Azaroaren 25ean Madrilen Epaitegi Gorenak helegiteak aztertu behar ditu bai akusazioek bai defentsak jarritako helegiteak). Gertaera gogor baten eta ondoren etorri zen epaiketari buruzkoak jaso ditu dokumentalak. Herriko ikastetxeetako ikasleek goizean, 10:00etan, izango dute dokumentala ikusteko aukera, eta erasoei aurre egiteko informazio-eskuorriak jasoko dituzte, gainera.

Aurrez aipaturiko ekintzez gain, merkatariei eta ostalariei emakumeenganako indarkeriaren aurkako pegatina more bat banatuko zaie, euren erakusleiho eta lokaletan jartzera gonbidatuz.

Lotura duten albisteak: